Archives For 1999/11/30

Bezosen eskua

2013/09/08 — Utzi iruzkina

Jeff Bezos Amazon enpresaren sortzaile aberatsak erosi ondoren, ikusmin berezia dago hedabideen munduan Washington Post egunkariaren bilakaeraren inguruan. Joan den astean, Jeff Bezosek lehen bisita egin dio erosi berri duen enpresari. Lehen hartu-emanak izan ditu Posten arduradun eta langileekin, eta lehen elkarrizketa eskaini du. Ez du aparteko estrategiarik azaldu. Goiz da oraindik. Baina bere hitzek badute interesa. Gustatu zait bereziki Clasesdeperiodismo.com webguneak egin duen sintesia. Zazpi ideia nabarmendu ditu, labur eta zuzen.

1. “Jarri irakurleak lehen tokian, ez iragarleak”.

2. “Ez idatzi besteak inpresionatzeko”.

3. “Ez izan aspergarria”.

4. “Onartu beharra dago inpresio fisikoaren negozioa gainbeheran dagoela. Onartu behar da eta aurrera egin”.

5. “Edozein enpresentzat heriotza epaiaren modukoa da iragana goraipatzea”.

6. “Negozio guztiek beti gazte izan behar dute”.

7. “Ez gara perfektuak. Jakin beharrekoa: nola egin ditzakegu gauza berriak?”.

 

WP


Washington Posten webgunearen irudi bat. Bertan Jeff Bezosi (argazkian, ezkerrean) egindako elkarrizketa ageri da, Style sailean argitaratuta.

 

Paperari lotuta ibilitako kazetariontzat garrantzitsua da onartzea eta barneratzea inpresio fisikoaren jarduna gainbeheran dagoela atzera bueltarik gabe, ikuspuntu ekonomikotik zein kazetaritzaren beraren ikuspuntutik ere. Gaur egun, ‘Informazioaren Txapeldunen Liga’ interneten jokatzen da, eta ez paperean. Informazioaren transmisio denbora aldatu da (paperaren zikloa zama bilakatu da). Informazioaren transmisio unitatea ere aldatu da (albistea bera bilakatu da ale). Eta informazio eskaria internetera mugitu da.

Bezosek Washington Posten egin ditzakeen aldaketak interesgarriak izango dira. Beharbada, egunkaria errentagarri bilakatzeko egin dezakeena ezin izango da gurera ekarri. Eredu ekonomikoa ezin izango da inportatu, New York Timesen eredu ekonomikoa inportatu ezin dugun bezalaxe. Baina adi jarraitu beharko da zer eta nola egiten duen interneteko eskaintza hobetu eta proiektuaren erdigunean jartzeko.