Archives For 1999/11/30

Twitterren zabalkundeak handitzen jarraitzen du gure artean. Horrela erakusten du euskarazko hedabideen termometroak. Joan den abenduan, jarraitzaile berrien hazkundea mantsotu zen euskarazko hedabideen kontuetan, baina urtarrilean berriro azkartu da. Baina, hedabideen arabera, indartsuago edo motelago. Dena den, jarraitzaile kopuruaren araberako sailkapena kasik ez da aldatu. Lehen tokian Berria-k jarraitzen du, 14.472 jarraitzaileekin (abenduaren amaieran baino 668 jarraitzaile gehiago). Bigarren lekuan Euskadi Gaztea irratiaren kontua dago, 13.960 jarraitzaileekin. Indartsu gora, 686 jarraitzaile gehiagorekin. Hirugarren tokian Argia, 6.732 jarraitzailerekin, baita indartsu ere.   Laugarren tokian Sustatu-k segitzen du, 4.533 jarraitzailerekin (163 gehiago). Atzetik datozen bi hedabideek, Hamaika Telebista-k eta Euskadi Irratia-k hazkunde esanguratsua izan dute (309 eta 328 gehiago, hurrenez hurren).

Sailkapenaren lehen 25 tokietan, bi aldaketa izan dira. Batetik, Gaztezulo-k posizio bat irabazi du, Kazeta.info aurreratuz. Bestetik, Irrien lagunak Ukberri.net-i aurreratu zaio.

Hurrengo infogrametan, lehenik, euskarazko hedabideen sailkapena ikus daiteke, eta, ondoren, hedabide horietako batzuen bilakaera joan den ekainaz geroztik gaur arte.

hedabideak-tw-2013-01

bilakaera-2013-01

Erabilerak zehazten du tresna baten ahalmena. Twitterren kasuan ere. Hedabideen ikuspuntutik, bi funtzio nagusi betetzen ari da: batetik, gertaerak/albisteak zabaldu eta elkarbanatzea, eta, bestetik, gogoetak zabaldu eta elkarbanatzea. Bi kasuetan, Berria zeregin garrantzitsua izaten ari da, sarean zabaltzen diren albiste eta gogoeta askoren iturria baita. Sustatu albistariak eta bere robotak egunero uzten dute horren lekukotasuna.

Azken hilabetean, nire ustez, agerian gelditu da Twitterren mugetako bat. Albisteek zein gogoetek eztabaidak pizten dituzte. Eztabaida bideratzeko tresna gisa huts egiten du Twitterrek, besteak beste, 140 karaktereko muga dela eta. Une horretan blogak agertzen dira.

Nabarmena izan zen Lance Amstrong-en aitorpenarekin. Twitter sarean oso aipatua izan zen kontua, baina benetako eztabaida Xabier Usabiagak bere blogean idatzitako artikuluaren inguruan eraiki zen. Xabier Usabiagak gaztelaniaz idatzi zuen, eta euskarazko eztabaida Sustatu-n eman zen, albistearen erantzunetan.

Halaber, gurebook.com atariaren ixteari buruzko eztabaida eta gogoeta Mikel Iturberen Hamairu blogean abiatzen da, “DRMari buruz eztabaidatzeko aukera bikaina” izenburuko artikuluarekin. Gaiaren inguruko beste gogoeta interesgarri bat Berriaren papereko edizioan jarri zuen Alberto Barandiaranek asteroko zutabean: “Epubak eta aulubiak”. Eztabaidak jarraipena izan du. Batetik, Argia-n, Gorka Bereziartuaren Boligrafo Gorria blogean, “Gauzak argitzen ari dira liburu digitalaren merkatuan” izenburuko artikuluarekin. Bestetik, Hitzen uberan webgunean, Alexis Mindegiari eginiko elkarrizketa baten bidez, “Merkatuak ez du onartu” izenburukoa. Baita Markos Zapiainen eskutik ere, Zuzeu atarian: “Bake ederra”.

Azken asteotan izan dira beste eztabaida interesgarri batzuk blog batean postean oinarrituta. Esate baterako, Eneko Bidegainek Blogberri-n idatzitako “Estatistikak eta lurraldetasuna”.

Ez da harritzekoa, beraz, Goio Aranak idatzi berri izana: “blogak bigarren loraldia bizitzen ari dira interneten”.  Loraldia izan edo ez, kontua da gogoeta eta eztabaidarako tresna baliotsuak direla. Berriaren eskutik sortutako Ereiaro euskara kanala ere gogoetarako tresna emankor bihurtu da denbora gutxian, kolaboratzaileen parte-hartze handiak erakusten duenez. Baina badago zer hobetu. Eztabaidak aberasteko modua aurkitu behar da, bakarrizketen batuteka baino askoz gehiago izan daitezen.