Archives For hedabideak

Durangoko gogoetak

2013/12/09 — 2 iruzkin

Kabiak gonbitea eta puntua jarrita, “Eduki digitalak eta etorkizuneko eredu posibleak” gaiaren inguruan aritu gara Durangoko Azokan Ion Telleria (Naiz-Gara), Olatz Osa (Elkar), Gorka Arrese (Susa) eta laurok. Ikuspegiak alderatu, eztabaidatu eta gogoeta egiteko aukera egon da. Bertan entzule gutxi, zarata gehiegi eta hotz handia, baina luze eta gustura aritu gara. Jarraian, solasaldirako prestatutako gogoetak eta grafikoak azalduko ditut, eskurago izan daitezen.

ABIAPUNTUAN, GOGOETA BAT

Ara egunkariak 3 urte bete berri ditu, joan den azaroaren 28an. Horren harira, lan multimedia berezi bat argitaratu du: Tres anys de periodisme. Bertan, Antoni Bassas Arako editorearen honako gogoeta dago.

“Ez gara paperezko egunkari bat, webgune bat ere baduena. Hedabide multiplataforma bat gara, paperezko egunkari bat ere baduena. Eta webgune bat ere baduena, irratia bezain azkarra, telebista bezain erakargarria, papera bezain sakona eta tuit bat bezain argia izan nahi duena”

(Antoni Bassas, Arako editorea)

Duela hamar urte, Euskaldunon Egunkaria itxi ondoren, Berria jaio zenean ez zen paperean bakarrik jaio. Batera, interneten ere jaio zen, baina esango nuke 2003an Berria papereko egunkari bat zela, webgune bat ere bazuena. Gaur egun, ordea, Berria Antoni Bassasen definiziotik gertuago dagoelakoan nago. Etorkizunari ikusmolde horretatik begiratzen dio. Baita hedabide multiplataforma bat baino zerbait gehiago badela sinistuta ere.

EREDU EKONOMIKOAREN ALDAKETA

Azken urteotan milaka eta milaka hitz esan eta idatzi dira hedabideen krisiari buruz. Hala ere, euskarazko hedabideak beti egon gara krisian, beti egoera zailean, bideragarritasun ekonomikoa zalantzan. Gizartearen bultzadari esker sortu gara, baita garatu eta iraun, eta, aurrerantzean, bultzada horri esker egingo dugu aurrera.

Azken hamarkadan, hedabideen eredu ekonomikoa aldatu da. Hamaika faktore elkartu dira krisia biderkatuz. Berriaren kasuan, eredu ekonomikoaren aldaketa eragin duen faktore nagusia publizitatearen atzerakada izan da. Diru sarreren ikuspegitik, era kritikoan aldatu den parametro bakarra publizitatea izan da. Esan genezake eduki fisiko eta digitalen arteko gorabeherak ez duela eragin nabarmenik izan ikuspuntu ekonomikotik. Horixe adierazten du diru sarreren bilakaerak:

Berriaren diru sarreren bilakaera (Ustiapen emaitzak, 2004-2012)

Berriaren diru sarreren bilakaera (Ustiapen emaitzak, 2004-2012)

Grafikoen argi ikusten denez, aldaketa sakona (beherakada) izan duen parametro bakarra publizitatea izan da. Bi faktore nagusi pilatu dira publizitatearen beherakada eragiteko orduan: interneten eraginez publizitatea egiteko moduaren aldaketa eta krisi ekonomikoa (publizitaterako aurrekontu murrizketa enpresa eta instituzioetan).

Salmentaren marra egonkorragoa da, baina antzematen zaio hazkunderako nolabaiteko ezintasuna eta beheranzko joera. Bestelako sarreren zati handiena diru-laguntzei dagokie, eta antzematen da beherazko joera krisiaren aurrekontuen ondorioz.

Sarreren egitura aztertzea interesgarria da ere. Eredu aldaketa era grafikoan antzematen da, adibidez, 2008ko sarreren egitura 2012koarekin alderatzen badugu:

Berriaren diru sarreren egitura (2008/2012).

Berriaren diru sarreren egitura (2008/2012).

Publizitatearen beherakadak desorekatu egin du diru-sarreren egitura, azken lau urteotan. Pisu gehiegi salmentaren bizkarrean. 2012ko diru-sarreretan, zorionez, elementu berri bat ageri da ez ohiko sarreretan: berrialagunak (%5). Paradigma berri baten hasiera da, baina oraindik pisu gutxi du ikuspegi kuantitatiboan. Bestalde, nabarmentzekoa da bestelako sarreren multzoak (diru-laguntzak + promozioak) ez duela pisu handirik diru iturrietan (batez ere, tokiko hedabideek duten finantzaketa publikoarekin alderatuta: %33tik %42ra bitartekoa, Tokikomen azken txostenaren arabera).

Gastuen bilakaera aztertzen badugu, parametroen egonkortasunaz ohartuko gara. Hau da, gastuak murrizteko zailtasunaz.

Berriaren gastuen bilakaera (2004-2012).

Berriaren gastuen bilakaera (2004-2012).

Gastuen egitura alderatuz gero antzeko egoera erakutsiko du:

Berriaren gastuen egitura (2008/2012).

Berriaren gastuen egitura (2008/2012).

AURRERA BEGIRA, ASMATU BEHARRA

Etorkizuna egon badago hedabideentzat, baita Berria bezalako hedabide batentzat. Baina asmatu beharko da. Nire ustez, honako hiru arlotan asmatu beharko da:

1. Eginkizuna

Eginkizunak ematen dio zentzua hedabide bati edo beste edozein proiektuari. Eginkizun hori ongi definitzea, garai bakoitzera egokitzea, eta gizartearen nahi eta beharrekin ongi lotzea funtsezkoa izango da.

Adibidez, Berriaren eginkizun anitzaren zirriborro bat honako hau izan daiteke:

– Berehalako informazioa eman

– Informazio landua eskaini

– Euskara normalizatzeko tresna izan

– Kulturgintza suspertu

– Iritzi eta gogoetarako elkargune izan

– Gizarte mugimenduen ispilu

– Gazteak euskarara lotzeko tresna izan

– Nazio ikuspegia landu

-…

2. Edukiak

Hedabide batek eskaintzen dituen edukietan ere asmatu beharra dago. Garrantzitsua da eduki horiek herritarren nahi eta beharrekin lotuta egotea. Horretarako, garrantzitsua da irakurle eta jarraitzaileekin harremanetan egotea, adi.

Duela gutxi, esate baterako, Berriak inkesta moduko bat egiten ari da, Berria berritzeko prozesuan haien iritzia eman dezaten. Galdera horietako batean eskatu diegu adierazteko zer gustatzen zaien irakurtzea. Hitzen laino honetan islatzen dira jasotako lehen erantzunak:

gustuak

3. Forma/formatoa

Edukiak era, diseinu eta formato ezberdinetan eskaintzen asmatu beharko du hedabide batek etorkizuna bermatzeko. Era integralean eta koherentean, baina eskaintza dibertsifikatuz. Ohitura, behar eta une ezberdinetara egokituz.

ETORKIZUN EKONOMIKOAREN GAKOAK

Labur bada ere, hedabide baten kasuan, hiru gako nabarmenduko nituzke bideragarritasun ekonomikoaren ikuspuntutik.

1. Diru sarrerek oinarri eta jatorri anitza izan behar dutela onartzea.

Horrek esan nahi du eskaintza dibertsifikatu behar dela eta eremu berriak esploratu beharra dagoela, beti ere finkatutako eta komunitateak onetsitako eginkizunari lotuta.

2. Komunitatean ongi txertatzea.

Parametro berrietan, komunikazio gehiago eta eraginkorragoaren bidez, eta benetako parte-hartzea ahalbidetuz. Berriak norabide horretan bidaia bat abiatu du: berrialagunak. Bidean sakondu eta urruti iristeko asmotan abiatu, izan ere.

ziztadaalboa

Komunitatea era irekian ulertu behar dela uste dut. Azken batean, Berriaren komunitatea euskal hiztunen komunitatea da, beste hainbat proiekturekin konpartitzen dena.

3. Berrikuntza

Hedabideen munduan etengabeko berrikuntza ezinbesteko bilakatu da. Horregatik, Berria berrikuntza prozesu sakon batean murgilduta dago:

– laster webgunea berrituko da

– paperezko edizioa ere berritze prozesuan dago

– euskarri mugigorretarako eskaintza ere berrituko da

– Badok musika ataria ere eraldatuko da

– eta gehiago

ESPLORATU BEHARRA

Berrikuntza prozesu hauetan, begi bat irakurle-erabiltzailearengan eduki behar da eta bestea munduan zehar gertatzen ari diren aldakuntzetan. Esploratu beharra dago, han eta hemen.

Arlo eta euskarri guztietan daude aukerak. Asmatu daiteke, edo huts egin. Baina esploratu beharra dago.

Hona hemen hiru adibide:

1. The Guardianen robota

Esperimentu bat da. Robot batek formato luzeko artikuluak aukeratzen ditu, eta bildumarekin paperezko astekari bat egiten du: The long good read. Londreseko kafetegiren batean dohan banatzen du, froga gisa.

The Guardianen The long good read astekaria.

The Guardianen The long good read astekaria.

2. Liberationen liburutegia

Duela aste batzuk, liburutegi digital bat martxan jarri du Liberation egunkariak. Gai baten inguruko artikulu bildumak dira, epub formatoan eskainita, 2,90 euro aleko.

Liberationen liburutegia.

Liberationen liburutegia.

3. Narratiba multimedia

Narratiba multimedia etorkizuneko kazetaritzaren zutabeetako bat izango da. New York Timesek edo The Guardianek ale ederrak eskaini dituzte azkenaldian. Baina Ara egunkariak ere, hirugarren urteurrenaren harira. Merezi du Araren lan multimedia berezia bisitatzea.

Tres anys de periodisme. Araren lan multimedia berezia.

Tres anys de periodisme. Araren lan multimedia berezia.

Advertisements

Bezosen eskua

2013/09/08 — Utzi iruzkina

Jeff Bezos Amazon enpresaren sortzaile aberatsak erosi ondoren, ikusmin berezia dago hedabideen munduan Washington Post egunkariaren bilakaeraren inguruan. Joan den astean, Jeff Bezosek lehen bisita egin dio erosi berri duen enpresari. Lehen hartu-emanak izan ditu Posten arduradun eta langileekin, eta lehen elkarrizketa eskaini du. Ez du aparteko estrategiarik azaldu. Goiz da oraindik. Baina bere hitzek badute interesa. Gustatu zait bereziki Clasesdeperiodismo.com webguneak egin duen sintesia. Zazpi ideia nabarmendu ditu, labur eta zuzen.

1. “Jarri irakurleak lehen tokian, ez iragarleak”.

2. “Ez idatzi besteak inpresionatzeko”.

3. “Ez izan aspergarria”.

4. “Onartu beharra dago inpresio fisikoaren negozioa gainbeheran dagoela. Onartu behar da eta aurrera egin”.

5. “Edozein enpresentzat heriotza epaiaren modukoa da iragana goraipatzea”.

6. “Negozio guztiek beti gazte izan behar dute”.

7. “Ez gara perfektuak. Jakin beharrekoa: nola egin ditzakegu gauza berriak?”.

 

WP


Washington Posten webgunearen irudi bat. Bertan Jeff Bezosi (argazkian, ezkerrean) egindako elkarrizketa ageri da, Style sailean argitaratuta.

 

Paperari lotuta ibilitako kazetariontzat garrantzitsua da onartzea eta barneratzea inpresio fisikoaren jarduna gainbeheran dagoela atzera bueltarik gabe, ikuspuntu ekonomikotik zein kazetaritzaren beraren ikuspuntutik ere. Gaur egun, ‘Informazioaren Txapeldunen Liga’ interneten jokatzen da, eta ez paperean. Informazioaren transmisio denbora aldatu da (paperaren zikloa zama bilakatu da). Informazioaren transmisio unitatea ere aldatu da (albistea bera bilakatu da ale). Eta informazio eskaria internetera mugitu da.

Bezosek Washington Posten egin ditzakeen aldaketak interesgarriak izango dira. Beharbada, egunkaria errentagarri bilakatzeko egin dezakeena ezin izango da gurera ekarri. Eredu ekonomikoa ezin izango da inportatu, New York Timesen eredu ekonomikoa inportatu ezin dugun bezalaxe. Baina adi jarraitu beharko da zer eta nola egiten duen interneteko eskaintza hobetu eta proiektuaren erdigunean jartzeko.

 

 

Sorkuntza nekeza da. Zerbait berria asmatzea ez da bat ere erraza. Berrikuntza garaiak dira hedabideetan, eta berrikuntzen atal garrantzitsua izaten da diseinua. New York Times egunkaria webgunea berritzen ari da, eta diseinu berriaren prototipoak erakusten ari da, NYT egunkariaren diseinu berriaren arrastoan izenburuko postean aipatu bezala. Duela egun batzuk, Liberation egunkaria hasi erakusten bere diseinu berriaren beta bertsioa. Egia esan, Liberationen webgunea astindu bat behar zuen (Berriarenak bezala), eta beta bertsioan ikusten denez jauzi nabarmen bat egingo du. Baina ez da oso berritzailea izango. Dagoeneko beste hedabide esanguratsu batzuek finkatu duten eredua hautatu duelako. Azalaren lehen pantailaren egitura beretsua aurkitu ahal dugu beste hedabide batzuetan: Time, Boston Globe, Reuters (beta)…

Antzekotasunak begi bistakoak dira:

Time aldizkariaren webgunea.

Time aldizkariaren webgunea.

 

The Boston Globe egunkariaren webgunea.

The Boston Globe egunkariaren webgunea.

 

Reuters albiste agentziaren webgunearen beta bertsioa.

Reuters albiste agentziaren webgunearen beta bertsioa.

 

Liberation egunkariaren webgunearen beta bertsioa.

Liberation egunkariaren webgunearen beta bertsioa.

 

 

Nabarmena da antzekotasuna batez ere Time, Reuters eta Liberationen diseinuen artean. Albiste nagusairen argazkia eta titularra  kokatzeko modua, alboko albisteen titularrak, bigarren mailako albisteak argazkiez lagunduta aurkezteko erea….

Bi apostu daude diseinu eredu honen atzean: 1. Lehenengo pantailan unean uneko albiste garrantzitsuak eskaintzea era argi batez. 2. Sinpletasuna eta argitasuna, aurkezpena eraginkorra izan dadin.

Nire gusturako, bertsiorik hoberena lehena da, Timerena. Letra tipoengatik, estiloagatik, elementuen arteko orekagatik…

 

Maiatzean jauzi bat nabari da euskarazko hedabideen munduan, Twitterreren erabilerari dagokionez. Jarraitzaile berrien kopuruak gora egin du modu orokor batean. Joera hau, neurriren batean, bat dator Umap-en robotak atzemandako tuiterlari aktiboen kopuruaren bilakaerarekin. Joan den apirilean, 5.292 tuiterlari aktibo eta eguneko euskarazko 8.378 mezu  atzeman zituen. Maiatzean, berriz, 5.413 tuiterlari aktibo eta eguneko 8.902 mezu. Aktibitatea hazi da, neurri txikian bada ere.

Euskarazko hedabideen datuak kontuan hartuta, maiatzean bizkortze bat gertatu dela jarraitzaile berrien kopuruari dagokionez. Hedabide aktiboenak dira emaitza hoberenak lortzen dituztenak (Berria edo Argia adibidez). Maiatzeko datu hauekin lotuta egon daiteke Askegunea bezalako fenomeno soziala. Holako egoeratan oso erabilgarri bilakatzen delako Twitter bezalako tresna bat.

Jarraitzaile kopuruaren araberako sailkapenean, hilero bezala, aldaketa gutxi daude. Lehen lau postuak apirilean bezala daude maiatzaren 31ko datuetan: 1. @berria (17.470), 2. @gaztea (16.261), 3. @argia (9.019), eta 4. @HamaikaTb (5.311). Bosgarren postua @euskadi_irratia-k kendu dio @Sustatu-ri. Horrez gain, Tolosaldeako Hitzak irabazi du postu bat.

Hona hemen euskarazko hedabideen sailkapena, Twitterreko jarraitzaile kopuruaren arabera:

sailkapena-maiatza-2013

 

 

Hona hemen, hedabide batzuen bilakaera, jarraitzaile berrien kopuruaren arabera:

 

jarraitzaile berriak-05

New York Times egunkaria bere webgunea birdiseinatzen ari da, sakon berritzen ari da. Joan den martxoan, diseinu berriaren prototipoaren zati bat erakutsi zuen, eta gehiago ikusi nahi izanez gero horretarako gonbidapena eskatzeko aukera eman zuen. Aste honetan bertan eskuratu dut diseinu berrian esploratzeko aukera, eta interesgarria izan da ikusitakoa. Intersgarria batik bat Berria.info webgunearen diseinu berria lantzen ari den lan taldearentzat. Martxoan ikusitako zatia gustatu zitzaigun, eta irudipena sendotu da orain ikusi ahal izan dugunarekin. Estilo berri bat landu du, ildo bat markatu dezakeena.

Hona hemen martxoan erakutsitakoaren kaptura bat. Erreportaje baten adibidea da. Letra tipo lodi eta beltzak eta argazkiaren kokapenak (goian, eskuin aldean) begiz jotzen dute. Horrekin batera, sinpletasuna eta argitasuna, edota menuaren minimalismoa.

NYTen diseinu berriaren prototipoa.

NYTen diseinu berriaren prototipoa.

 

Aste honetan zabaldutako aukerari esker, menu minimalista horren zehaztasun gehiago ikusi ahal izan dira. Albisteak erakusten dituztenean menua sinplifikatu egin dute: lerro batean Sections, Home eta Search kokatu dituzte, eta bigarrenean gai nagusien selekzio bat ezker-eskuin mugi daitekeen zinta batean.

Captura de pantalla 2013-05-21 a la(s) 15.19.35

 

Albistea irakurri ahala, beheraka egitean gai nagusien zinta hori desagertuko da eta soilik menuaren ikurra eta albistearen titulua geldituko dira ikusgai. Menuaren botoian klik eginez gero, errezel bertikal bat desplegatuko da ezker aldean.

Menua, goitik behera.

Menua, goitik behera.

 

Menuaren ikurrei kasu eginez, telefono mugikorretan eta tabletetan erabiltzen den ikonografia aukeratu dutela ohartuko gara. Baina hori ez da tabletei egin dieten keinurik garrantzitsua. Alboetan kokatuta dauden gezien bidez ezker-eskuin nagibatu daiteke albiste batetik bestera.

 

Alboetako gezien bidez albistez albiste nabigatu daiteke.

Alboetako gezien bidez albistez albiste nabigatu daiteke.

 

Albistearen elementu osagarriak eta lotutako albisteak asko zaintzen dituzte NYTen diseinu berrian, baina beti soiltasunez aurkezten dituzte, albistearen testuaren eskuin aldean, batzutan urdina erabiliz. Iruzkinak albistearen amaieran erakusten ditu, modu sinple eta erakargarrian.

 

Iruzkinei garrantzia ematen diete.

Iruzkinei garrantzia ematen diete.

 

Diseinuaren ikuspuntutik, beste eredu interesgarri bat Reuters albiste agentziarena da. Hau ere aldaketa prozesuan dago.

Hona hemen diseinu zaharra:

 

Reuters agentziaren egungo diseinua.

Reuters agentziaren egungo diseinua.

 

Eta hau da diseinu berriaren prototipoa:

Reuters agentziaren diseinu berriaren prototipoa.

Reuters agentziaren diseinu berriaren prototipoa.

 

Argi dago, badago zer eta nondik ikasi.

Joan den asteartean, abenduak 18, Leizaola Elkargoak antolatuta, “Gutxitutako hizkuntzak natibo digitalen garaian” izenburuko mintegia izan da Bilbon. Bertan azaldutako gogoeta eta datu batzuk ekarri nahi ditut blog honetara.

Lehenik gogoeta orokorra: Euskararen erabilera sustatu eta bermatze aldera hedabideok berebiziko ardura dugu, eta gure eginkizunak garrantzi estrategikoa du. Hedabideok erabileraren akuilu eta berme gara aldi berean. Eginkizun horren balioa biderkatu egin da kultura digitalaren esparruan. Berria egunkariari dagokionez, esango nuke eginkizun hori eta ardura hori bere gain hartzeko prest dagoela eta datorren urtean jauzi bat egingo duela norabide horretan.

Paradoxikoa izan badaiteke ere, prentsa tradizionalak, egunkariok, oso toki garrantzitsua daukagu interneten. Besteak beste, albisteen erakargitasunaren eraginez, egunkarion webguneak oso bisitatuak dira, erreferentzialak dira, bakoitza bere lurralde edo eremuan.

Euskararen ikuspuntutik egoera ez da baikorra.

Gaztelaniazko hedabideekiko euskarazko hedabideen pisuak txiki izaten jarraitzen du. 2012ko udaberriko CIESen datuen arabera, Hego Euskal Herrian, gaztelaniazko hedabideen audientzia 11 aldiz handiagoa da telebistaren eremuan, 5 aldiz handiagoa irratiaren eremuan, ia 20 aldiz handiagoa egunkarien eremuan eta 40 aldiz handiagoa interneten munduan. Izan ere, azken datu hori (interneten ahulezia) da kezkagarriena.

bilakaera-2010

bilakaera-2012

CIES etxeak 2010 eta 2012an egindako azterketak alderatuz gero, gaztelaniazko hedabideen nagusitasuna nabarmena da. Bi urteotan proportzioa kasik ez da aldatu. Aldaketa esaguratsu bakarra gaztelaniazko hedabideek interneten eman duten gorakada da: %42,35ean hazi dira.

Aldea

Dena den, komeni da euskarazko hedabideei buruzko datu hauek erlatibizatzea, CIESen moduko inkestek ez baitute ongi jasotzen euskarazko komunikabide txiki eta atomizatutakoen zabalkundea.

Trakzio lana interneten

Etorkizunari begira jarrita, futsezkoa da euskarazko hedabideok trakzio lana ongi betetzea, batez ere, interneten eremuan. Gaur egun komunikazioa, funtsean, digitala da. Hedabideon eginkizuna trafikoa (erabilpena) aregotzea, zabaltzea, erabiltzaileak elkar lotzea eta elkarrizketak biderkatzea da.

Erronka horri erantzun ahal izateko inbertsio berezia behar da, iraultza digitala egin beharrekoa da, eta gaur egun euskarazko hedabideok baliabide ekonomiko instituzional gutxiagorekin erantzun behar diogu tamainako erronkari. Iraultza digitalak administrazioen sostengu gehiago behar du, asko baitago jokoan. Datu solte bat: informazioaren eta komunikazioaren teknologietan euskara sustatu, garatu edota normalizatzeko diru-laguntzetan 1.462.789 euro esleitu dira 2012ko abuztuan. Horietatik 372.818 bakarrik izan dira hedabideekin lotutako proiektuak garatzeko.

Kataluniarekin alderatuta

Erabilpenaren ikuspuntutik, Berriak nolabaiteko lidergoa du euskarazko internet espazioan. Berria.info euskarazko webgune bisitatuena dela esan daiteke. Baina posizio hori hobeto ulertzeko, Kataluniako eta Euskal Herriko egoerak alderatzea komeni da.

Koadro honetan, katalanezko hedabideek interneten duten bisita kopuruaren araberako mapa ikusten da. Datuak joan den urrikoak dira, OJD Interkatibak egindako neurketaren emaitzak. Neurketan ez dira ageri El Periodicoren katalanezko webgunea (elperiodico.cat) eta La Vanguardiaren katalanezko edizioa.

Tokia-CAT

Ondoko koadroa, datu ezberdinetan –zuzen eta zeharkakoak– oinarritutako estimazio bat da. Webgune bakoitzak urrian izandako bisita kopuruak islatu nahi lukeena.

Tokia-HEH

Bi kasuetan, Katalunian eta Euskal Herrian, lidergo konpartitu bat antzematen da. Bi polo nagusi daude: batetik, egunkari baten webgunea (Ara.cat eta Berria.info) eta, bestetik, telebista eta irrati publikoetako webguneak (batetik, tv3.cat, 324.cat eta catradio.cat, eta, bestetik, eitb.com). Katalunian, bistan da, egitura komunikatiboa orekatuagoa da.

Hedabideotako Twitter jarraitzaile kopuruak neurtuta honako “mapak” osatzen dira Katalunian eta Euskal Herrian.

Twitter-CAT

Twitter-EH

Ara eta Berria

Ara eta Berria egunkariak alderaztuz gero, datu interesgarriak eta bitxiak aurkituko ditugu. Ara.cat-ek 5.553.926 bisita izan zituen joan den urrian, OJD Interactiva-k egindako neurketaren arabera. Berria.info-k, berriz, 534.616 bisita izan zituen urrian, Google Analyticsen neurketaren arabera. Datu hauek katalan (Kataluniako eremua erreferentzia hartuta) eta euskaldun alfabetatuen kopuruekin alderatuz gero, antzeko ratio-a dute bi hedabideok: 1,11 Araren kasuan, eta 1,18 Berriaren kasuan.

Dena den, Araren kasua berezia da. Hedabide gaztea da, 2010ko azaroan sortu zen. Agian, horregatik, bere zabalkundea askoz handiagoa da interneten paperean baino. OJDren datuen arabera, 2012ko urtarriletik irailera, bataz beste, egunero 16.143 ale saldu zituen (horietatik 3.128 harpidetzaren bidez). EGMren azken azterketaren arabera (2012ko otsailetik azarora), eguneko 97.000 irakurle izango lituzte Arak. El Punt-Avui egunkariaren paperezko edizioak emaitza hobeak ditu, EGMren neurketa beraren arabera: 146.000 irakurle eguneko. Baina interneten alde nabarmena ateratzen dio Arak El Punt-Avuiri. Joan den urri osoan Ara.cat-ek 5.553.926 bisita izan zituen, eta, ElPunt-Avui.cat-ek, ordea, 1.635.377.

Berriak 10 urte

Berriak datorren urtean, ekainaren 21ean, 10 urte beteko ditu, eta urteurrena baliatuz jauzi bat egin nahi du euskara interneten hobeto kokatzeko ahaleginean. Honako osagaiak izango ditu:

  1. Erredakzioaren eginkizuna birmoldatzea, berehalakotasunari hobeto erantzuteko eta eduki interesgarri eta landuak eskaintzen jarraitzeko.
  2. Eduki guztiak guztientzat. Eduki guztiek guztien eskura izaten jarraituko dute, eta euskuragarriago egongo dira (diseinua eta antolaketa berrituz eta bilatze sistema hobetuz).
  3. Multiplaforma gisa garatuta (euskarri eta formato guztietara egokituta).
  4. Multimedia izaera zainduta (testua, irudia, audioa eta bideoa baliatuz eta uztartuz).
  5. Parte-hartzailegoa (aukera gehiagorekin parte hartzeko eta proiektuaren parte izateko).

“Euskal komunikabideak. Negozio formulak Interneten” goiburupean mahai ingurua izan da gaur arratsaldean euskal kultura digitalaren Xare Azokan. Bertan Gorka Bereziartua (Argia), Agurtzane Gomez (Gaztezulo), Joxe Rojas (Tokikom) eta laurok (Berriaren izenean) parte hartu dugu.

Hona hemen mahai-ingururako prestatutako apunte batzuk:

NEGOZIO FORMULAK INTERNETEN?

NEGOZIOA?

– Euskarazko produkzioa edo sorkuntzaren ikuspuntutik ezin da negozioaz hitz egin.
– Ez dago negoziorik euskarazko hedabideetan. Inork ez du negoziorik egiten.

– Denok dugu diru-laguntza publikoen beharra. Are gehiago: dirulaguntza publikoak ezinbestekoak dira eta estrategikoak dira euskararen garapenarentzat estrategikoa den sektore honetan

DIRU-LAGUNTZAK

– Euskarazko hedabideek diru-laguntza publikoak behar dituzte
– Euskarazko hedabideek teknologia berriekin lotutako proiektuak garatzeko diru-laguntzak behar dituzte (gaur egun hedabideen proeiktu berri guztiak lotuta daude teknologia berriekin)

DIRU-LAGUNTZAK MURRIZTU DIRA

– Aurrekontu publikoen murrizketaren ondorioz.
– Gehitu krisi ekonomikoa, publizitatearen beherakada handia edo salmentaren zailtasunak

Ondorioz

Baliabide gutxiagorekin, baliabide eskasagoekin edo egitura kaxkarragoekin aurre egin behar zaiei erronka handiagoei

ERABILERA GORA, DESOREKA GORA

Oro har, gure inguruan ere, edozein hizkuntzetan, sareko hedabideen garapena, eta, batez ere, sare hedabideen erabilera nabarmen handitu da azken urteotan.

Erdarazko hedabideen erabiltzaileen multzoa potolotu egin da

Euskarazkoena ez hainbeste.

CIESen azterketaren arabera, Hego Euskal Herrian gaztelaniazko hedabideen erabilera %42,3ean igo da 2010tik 2012ra. Euskarazkoena berdintsu dago.

DIRU-ITURRIAK ARO DIGITALEAN

Gakoa gure eginkizuna ongi egitea da, hau da, baliozko eskaintza informatiboa ematea eta euskararen erabilera sustatzea, dena era eraginkor batez. Eginkizun horren arabera, ahalik eta jende gehienarengana iritsi beharra daukagu, eta jarraitzaile ugari izateak erraztuko digu finantzabideak aurkitzea.

Diru-iturri ezberdinak:

DIRU-LAGUNTZAK

– Diru-laguntza gehiago eta egonkorragoak behar dira, etengabeko inbertsio teknologikoa beharrezkoa delako

PUBLIZITATEA

Papera

– Paperera bideratzen den publizitatea lantzen jarraitu behar da, nahiz eta jakin maldan behera doala
– Interneteko aukerekin lotzeko formulak bideratu behar dira

Internet

– Formula berriak bilatu behar dira, euskarazko hedabideentzat klasikoek ez dietelako apenas ekarpenik egiten
– Bertako bezeroen beharretara egokitutako bide berriak garatu behar dira
– Babesle formula berriak garatu beharko dira
– Euskarri guztietara egokitutako formulak behar dira, kontuan hartuta mugikorren eta tableten erabileraren hazkunde aurreikuspena

BAZKIDETZA

– Euskarazko hedabideetan zutabe nagusietako bat izan da bazkidetza historikoki
– Garai berrietara egokitutako bazkidetza: berrialagunaren bidea

ORDAINKETA

– Euskarazko hedabideek erabileraren mapatik desagertu nahi ez badute edukien eskuratze irekiari eutsi behar diote

– Planteatu daiteke zerbitzu zehatz batzuk kobratzea, baina ez da izango diru-iturri esanguratsu bat.

PROIEKTUEN FINANTZAKETA KOLEKTIBOA (CROWDFUNDING)

– Kazetaritza proiektu zehatz batzuek finantzaketa kolektiboaren bidez egitea aztertu beaharko litzateke

Berria.info-n, Hodei Iruretagoienak egindako laburpena: Hedabideak sarean, formula berrien bila