Archives For Uncategorized

Gero eta herritar gehiagok eskuratzen du informazioa Interneten bidez. Azkar, noiznahi eta nonahi informatzeko modua da. Eskari horri erantzuten lan handia egiten ari da BERRIA; izan ere, sarean euskaraz informatzeko iturri nagusia baita. Horren lekuko da 2013an izandako bisita kopurua: 5.486.478 bisita eta 1.467.315 bisitari bakar.

Urte osoko trafikoaren bilakaerari so eginik, egunetik egunera oso gorabeheratsua dela antzematen da, hau da, informazioaren erritmoaren araberakoa. Astegunetan biziagoa da, eta asteburuetan apalagoa. Udaberriko eta udazkeneko hilabeteak izaten dira aktiboenak. Eta udan eta Gabonetan nabaritzen da moteltze handiena.

Herrira-ren aurkako operazioarekin jo zuen goia

Irailaren 30a izan da BERRIAren webguneak bisita eta bisitari bakar gehien izan duen eguna, hain zuzen, Herrira-ren kontrako polizia operazioaren eguna. Egun hartan, 30.130 bisita izan zuen BERRIA.INFOk. Urtean zehar, beste une bero  batzuk ere izan dira interes informatiboaren ikuspuntutik, Google Analyticsen datuetan oinarritutako grafikoak erakusten duenez.

Urtarrilean, adibidez, presoen eskubideen aldeko manifestazioak eragin zuen hazkunde nabarmen bat ohiko trafikoan. Martxoan, 18. Korrikaren hasiera nabarmendu zen. Apirilean, berriz, Donostiako Bulebarrean gazte batzuen atxiloketa eragozteko Askeguneak piztu zuen jakin-mina, maiatzean Ondarroakoak egin bezala.

Urrian, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 197/2006 doktrina baliogabetuz kaleratutako epaiak eta horren ondorioz Ines del Rio presoaren askatzeak beste jauzi bat eragin zuen trafikoan. Azaroan, berriz, bisita gehien bildu zuen eguna Alex Salmond Eskoziako gobernuburuak Independentziarako Liburu Zuria aurkeztu zuenekoa izan zen. Abenduan, Bertsolaritza Txapelketako finalak eragindakoa izan zen hileko gailurra.

‘Osakidetza, maitasuna hodietan’

Webguneko trafikoaren une gorenak gertakari garrantzitsuenek markatu ohi badituzte ere, badira beste artikulu mota batzuk asko irakurtzen direnak, albiste garrantzitsuak edo albiste hutsak ez direnak. Adibidez, BERRIAren webgunean gehien irakurritako aleetako bat Andoni Aizpuruk Iritzi Sailean argitaratutako Osakidetza, maitasuna hodietan artikulu hunkigarria izan da (5.726 bisita).

Halaber, Pako Aristik joan den uztailean argitaratutako Euskal Herria 2023. Kristalezko bola artikulua ere jende askok irakurri zuen (2.324 bisita). Era berean, bi elkarrizketak izan dute oihartzun handia sarean: batetik, Iñigo Astitz kazetariak Natxo de Felipe musikariari apirilean egindakoa, Euskal kulturaren kontu hau gezur monumental bat da izenburukoa  (3.546 bisita); bestetik, Lander Arbelaitz Argia-ko kazetariari egindako elkarrizketa digitala (3.340 bisita).

Sarea, gero eta mugikorrago

2013. urteak emandako datuetan Internet gero eta mugikorragoa dela antzematen da. 2013. urte osoan, BERRIAren trafikoaren %21,62 mugikorra izan da, hau da, sakelako telefono eta tableten bidez bideratutakoa. Aurreko urtearekin alderatuta, portzentajea ia bikoiztu egin da (2012an, %11,15 izan zen mugikorra). 2013an ere nabaritu egin da mugikortasunaren aldeko joera: urtarrilean, trafikoaren %16,79 izan zen mugikorra, eta abenduan, 26,36 izan da.

Ondoko grafikoan ikusten da nolako garrantzia hartzen ari den gailu mugikorren erabilera informazioa eskuratu eta elkar banatzeko orduan. Berriaren sareko irakurlea gero eta gehiago erabiltzen ditu gailu mugikorrak (telefono eta tabletak).

Berriaren webguneak izandako bisitak, gailu motaren arabera.

Berriaren webguneak izandako bisitak, gailu motaren arabera.

 

Bereziki bi aldagai ari dira bultzatzen trafiko mugikorra. Batetik, smartphone eta tableten merkatuaren zabalkundea, eta, bestetik, Twitter sare sozialaren hazkundea. BERRIAren Twitter kontua horren lekukoa da: 2013ko urtarrilean 13.803 jarraitzaile zituen BERRIAk Twitterren, eta urtea 21.973 jarraitzailerekin amaitu du (8.170 jarraitzaile berri, % 59,19ko hazkundea).

Webgunea berritzen

Joera, eskari eta nahi horiei ahalik eta hobekien erantzuteko, edizio jarraitua berritzeari ekin zion BERRIAk duela hainbat hilabete. Lanak aurreratuta daude, eta ez da asko falta webgune berritua abian jartzeko. Aldaketa sakona ekarriko duenez, era progresiboan sareratuko da.

Webgunearen aldaketa osoarekin batera, telefonoetara eta tabletetara hobeto egokitutako diseinua garatuko da. Izan ere, euskarazko informazioa ahalik eta herritar gehiagorengana zabaldu eta eskurago jartzeko helburuak gauzatu nahi ditu BERRIAk hasi berri den urte honetan.

Proiektu berriak, sarean

Horretaz guztiaz, aipatzekoak dira BERRIAk 2013an abian jarri dituen beste egitasmo batzuk. Apirilean mendiko kanala sortu zen, Ibilkari. Arrakasta handia izan du bai blogarien artean eta bai Interneteko erabiltzaileen artean ere. Twitterren ere bere kontua du. Maiatzean, Ipar Euskal Herriko Hitza-k webgunea abiatu zuen: “Euskararen plaza berria“.

Uda aurretik, BERRIAren estilo liburuak eman zuen sarerako jauzia: “tresna berria eta erabilgarria“. Twitterren ere denbora gutxian milatik gora jarraitzaile lortu ditu. Azkenik, BERRIAren webguneko urteko apustu garrantzitsuenetako bat urrian heldu zen, GAL 30 urte gune multimediarekin. BERRIAko lantalde zabal batek GALi buruzko lan mardula sareratu zuen, dokumentazioan eta elkarrizketetan oinarrituta.

(Oharra: artikulu hau Berriaren webgunean argitaratu zen urtarrilaren 3an. Orduko bertsioari grafiko bat gehitu zaio).

Advertisements
Eñaut Elorrieta 1Eñaut Elorrieta 2Eñaut Elorrieta 3Eñaut Elorrieta 4Eñaut Elorrieta 5Eñaut Elorrieta 6
Eñaut Elorrieta 7Eñaut Elorrieta 8Eñaut Elorrieta 9

Eñaut Elorrieta Lizarran, un álbum en Flickr.

halabedi

Alberto Barandiaran, Gorka Bereziartua, Aritz Agirre, Iñaki Soto eta Agus Hernan, Hala Bedi irratiak antolatutako solasaldiaren hizlariak.

 

Hala Bedi irratiak 30 urte betetzen ditu aurten, eta horren harira antolatu duen solasaldi sortaren barruan, lehenbabizikoa euskarazko hedabideen ingurukoa izan da. Zehazki, joan den asteazkenean, maiatzak 15, izan zen, Gasteizen. Bost ahots izan zituen solasaldiak: Alberto Barandiaran (Hekimen), Gorka Bereziartua (Argia), Aritz Agirre (Euskadi Irratia), Iñaki Soto (Gara), eta Agus Hernan (Antxeta Irratia).

Gai ezberdinak jorratu ziren: Hekimenen zeregina, botere publikoekiko harremana, diru-laguntzak eta menpekotasuna, sektorearen krisia, sarearen eta sare sozialen eragina, Askegunearen esperientzia, kazetaritzaren balioa, euskarazko hedabideen zabalkundea, bazkidetzaren garrantzia finantzazioaren ikuspuntutik… Nire oharretan badaude esaldi interesgarri batzuk. “Administrazioen sostengua ez da nahikoa, ezta egokia ere”, “publizitate instituzionala %7 da soilik” (A. Barandiaran). “Eitb gizartearen ispilu da”, “agian instituzionalegiak izan gara, baina ez alderdikeriaren bidetik”, “presioak… denok dauzkagu” (A. Agirre). “Zenbat dira benetako kontsumitzaileak?”, “gazteak ez dira lotu euskarazko hedabideetara” (A. Hernan). “Sarean esperimentuak egiten ari gara, baina baikor naiz trena hartu baitugu erretimo beretsuan” (G. Bereziartua). “Ez da baloratzen behar bezala erredakzioak daukan garrantzia”, “diru-laguntzen eskema EAJ-PSE akordio soziolinguistikoaren menpe dago” (I. Soto)….

Solasaldi interesgarri eta aberats horretatik hari batetik nahi nuke tiraka egin. Bereziki Agus Hernanek jarri zuen mahai gainean kezka: euskarazko hedabide asko daude, gehienak txikiak, baina jende berriarengana iristea lortzen ari al dira? Gazteengana iristen ari al dira? Atomizazio gehiegi al dago? Elkarlanerako gaitasuna al dago?

Nire irudiko euskarazko hedabideak ahulak dira, euskara bera baino ahulago. Kalitatea egon arren, hedatzeko muga edo oztopo handiak dituzte. Hedabide beteranoenak, gainera, gazte belaunaldiekin konektatu ezinik dabiltza. Ahuleziazko egoera horretan, bi gako daude etorkizinari begira: elkarlan eraginkorra eta teknologia berrien egokitzapena.

Egon badago elkarlana, era askotara. Aspaldikoa eta berriagoa. Adibidez, Euskal Irratiak, Goiena, Hitzak, Hamaika Telebista… ellkarlanaren esperientzia ezberdinak dira. Hekimen, herri ekimeneko euskarazko hedabideen elkartea, beste jauzi bat da eta Tolosaldean sortzen ari den plataforma beste bat. Beste elkarlan adibide interesgarri bat Ipar Euskal Herriko hedabideen artean garatzen ari diren Ahoan bilorik gabe elkarrizketa saioa da. Bertan, Herria, Euskal Irratiak, Kanaldude Telebista, Berria-Ipar Euskal Herriko Hitza, Kazeta.info indarrak biltzen ari dira zeresanik emango duen saio bat osatzeko.

Azken elkarrizketa, aste honetan bertan, ostegunean, Filipe Bidarti egin diote eta datorren astean argitara emango dute. Filipe Bidartek berak aitortu die ahalegin berria euskarazko hedabideei. Erreferentzialtasun gehaigo eta zabalkunde handiagoa lortzeko elkarlan formula interesgarri bat da.

Formula gehiago asmatu beharko dituzte euskarazko hedabideek, euskaldun gehiagoarengana iristeko eraginkor izan nahi badute. Norbere nortasuna zainduz eta elkar errespetatuz, osagarritasuna landu beharko dute euskarazko hedabideek. Eta ez legoke gaizki elkarlan horren zati garrantzitsu bat iraultza digitalaren erronkari aurre egiteko bideratzea, erronka horretan baitago etorkizunaren giltza.

Bi aste pasa Bulebarreko Askegunea loratu zenetik. Ez da izan lore bakandu bat. Segida izango du, ziur nago. Bulebarreko Askegunean gertatutakoak zer esan ugari eman du. Baita zer pentsatu ere. Horren haritik hona hemen bi gogoeta xume.

Askatasuna ez da zerbait estatikoa eta erabat definitua. Etengabeko ariketa bat da, zatika osatzen joaten dena. Alez ale, tantaz tanta. Bulebarreko Askeguneak ez  du ekarri jazarritako zortzi gazteak ez esperatzea, baina bai askatasun zaparrada bat. Askeago sentitu ahal izan gara Askeguneari esker. Askatasun uneak eta eremuak eraikitzen erakutsi duelako. Elkartzearen indarrak askatasun haizea dakarrela erakutsi duelako.

Aldi berean, informazioak askatasun bufada ekarri du. Hamaika eratara zabaldu da Askegunean gertatzen ari zena. Bertatik. Horrek ere libreago sentiarazi gaitu. Horrek babestu egin ditu Askegunean bildutakoak. Horrek egia babestu du. Kazetarien lan informatiboa eta herritarren jario soziala elkar osatu dira, ertzainen jardun ankerra (kolpeak, bihurrituak, ile-tiraldiak, bulkadak, irainak, mehatxuak…) agerian utzita. Gertatzen ari zena kontatzeko grinak agerian utzi du ere Argiako Lander Arbelaitz kazetariak jasandako tratu bortitza. Ilunpean argia jarri nahian ari zela bulkatua eta lurrera jaurtia izan zen. Lekuko deserosoa paretik kentzeko saio lotsagarri eta antzua.

Lander Arbelaitzi gertatukoari erreparatu, salatu eta erantzukina eskatzeaz gain,  Lander Arbelaitzek berak utzitako irakasgairi ere begiratu behar zaiolakoan nago.  Askegunearen garrantziaz ohartu, bertatik kontatu beharra argi ikusi, aldi bereko kontakizun multimediari ekin, eta gertu gertutik jarraitu… Kazetaritza lezio praktiko bikaina eman zuen Lander Arbelaitzek, ertzainen bortizkeriaren biktima bihurtzeaz gain.

 

Herri Harresia barrutik 2 (Argiaren bideoa)

 

Gai honen inguruan bi artikulu gomendagarri:

Gorka Bereziartua: Prentsa independenteak asko dezake, herritarrekin (Argia)

Alberto Barandiaran: Hurbildu eta gero kontatu (Berria)

 

  1. Euskarazko hedabide ez publikoen euren elkartea sortu dute. Gaur eratze batzarra egin dute, Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean. Guztira 51 hedabidek parte hartu dute elkarte berriaren sorreran, Sortzaileen artean Berria dago.
  2. Albistea honela jaso du Berriak edizio jarraituan:
  3. Albistea honela jaso du Argia.com-ek:
  4. Albistea Goiena.net-en:
  5. Albistea Baleiken:
  6. Albistea Naizen:
  7. Albistea sustatu.com-en:
  8. Sortzaileen zerrenda:
  9. Sorrerako adierazpenean, ahots bakarra izateko ahalmena nabarmendu dute elkarteko kideek aurkezpenean: 

    “Euskal Hedabideen elkarte bat sortzeko hainbat saio egon da azken hamarkadetan, eta azkenean hemen da. Orain ahots bateratua izango dugu: gizartearen aurrean agertzeko, instituzioekin hitz egiteko, gure kezkak agertzeko, gure indarra… komeni zaigun guztietan bakarka baino, elkarrekin agertzeko”.

  10. Sare sozialetan ez da aipemenik falta, batez ere, sorreran parte hartu duten hedabideetako partaideen eskutik:

Kazetaritzaren jarduerari betidanik erantsi diot gogoeta ildo bat, era paraleloan, kazetaritzaren eginkizunaz eta egiteko moduaz. Azkenaldian,  ezinbestekoa da gogoeta hori etorkizunera begiratuta egitea, komunikazio bide eta ohiturak azkar aldatzen ari direlako, aldaketa horietara egokitu gabe kazetaritzaren jardunak gainbeheran jarraituko duelako. Are garrantzitsua da ahalegin hori euskarazko hedabideentzat, itsaso zabalean dabilen txalupa baino ez baikagara sentitzen aro digitalean. Hari horretatik tiraka ibiliko naiz aurrerantzean, eta blog hau gogoetak eta esperientziak konpartitzeko leiho bat izango da. Ongi etorri Berriaro-ra.