Archives For sare sozialak

Gero eta herritar gehiagok eskuratzen du informazioa Interneten bidez. Azkar, noiznahi eta nonahi informatzeko modua da. Eskari horri erantzuten lan handia egiten ari da BERRIA; izan ere, sarean euskaraz informatzeko iturri nagusia baita. Horren lekuko da 2013an izandako bisita kopurua: 5.486.478 bisita eta 1.467.315 bisitari bakar.

Urte osoko trafikoaren bilakaerari so eginik, egunetik egunera oso gorabeheratsua dela antzematen da, hau da, informazioaren erritmoaren araberakoa. Astegunetan biziagoa da, eta asteburuetan apalagoa. Udaberriko eta udazkeneko hilabeteak izaten dira aktiboenak. Eta udan eta Gabonetan nabaritzen da moteltze handiena.

Herrira-ren aurkako operazioarekin jo zuen goia

Irailaren 30a izan da BERRIAren webguneak bisita eta bisitari bakar gehien izan duen eguna, hain zuzen, Herrira-ren kontrako polizia operazioaren eguna. Egun hartan, 30.130 bisita izan zuen BERRIA.INFOk. Urtean zehar, beste une bero  batzuk ere izan dira interes informatiboaren ikuspuntutik, Google Analyticsen datuetan oinarritutako grafikoak erakusten duenez.

Urtarrilean, adibidez, presoen eskubideen aldeko manifestazioak eragin zuen hazkunde nabarmen bat ohiko trafikoan. Martxoan, 18. Korrikaren hasiera nabarmendu zen. Apirilean, berriz, Donostiako Bulebarrean gazte batzuen atxiloketa eragozteko Askeguneak piztu zuen jakin-mina, maiatzean Ondarroakoak egin bezala.

Urrian, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 197/2006 doktrina baliogabetuz kaleratutako epaiak eta horren ondorioz Ines del Rio presoaren askatzeak beste jauzi bat eragin zuen trafikoan. Azaroan, berriz, bisita gehien bildu zuen eguna Alex Salmond Eskoziako gobernuburuak Independentziarako Liburu Zuria aurkeztu zuenekoa izan zen. Abenduan, Bertsolaritza Txapelketako finalak eragindakoa izan zen hileko gailurra.

‘Osakidetza, maitasuna hodietan’

Webguneko trafikoaren une gorenak gertakari garrantzitsuenek markatu ohi badituzte ere, badira beste artikulu mota batzuk asko irakurtzen direnak, albiste garrantzitsuak edo albiste hutsak ez direnak. Adibidez, BERRIAren webgunean gehien irakurritako aleetako bat Andoni Aizpuruk Iritzi Sailean argitaratutako Osakidetza, maitasuna hodietan artikulu hunkigarria izan da (5.726 bisita).

Halaber, Pako Aristik joan den uztailean argitaratutako Euskal Herria 2023. Kristalezko bola artikulua ere jende askok irakurri zuen (2.324 bisita). Era berean, bi elkarrizketak izan dute oihartzun handia sarean: batetik, Iñigo Astitz kazetariak Natxo de Felipe musikariari apirilean egindakoa, Euskal kulturaren kontu hau gezur monumental bat da izenburukoa  (3.546 bisita); bestetik, Lander Arbelaitz Argia-ko kazetariari egindako elkarrizketa digitala (3.340 bisita).

Sarea, gero eta mugikorrago

2013. urteak emandako datuetan Internet gero eta mugikorragoa dela antzematen da. 2013. urte osoan, BERRIAren trafikoaren %21,62 mugikorra izan da, hau da, sakelako telefono eta tableten bidez bideratutakoa. Aurreko urtearekin alderatuta, portzentajea ia bikoiztu egin da (2012an, %11,15 izan zen mugikorra). 2013an ere nabaritu egin da mugikortasunaren aldeko joera: urtarrilean, trafikoaren %16,79 izan zen mugikorra, eta abenduan, 26,36 izan da.

Ondoko grafikoan ikusten da nolako garrantzia hartzen ari den gailu mugikorren erabilera informazioa eskuratu eta elkar banatzeko orduan. Berriaren sareko irakurlea gero eta gehiago erabiltzen ditu gailu mugikorrak (telefono eta tabletak).

Berriaren webguneak izandako bisitak, gailu motaren arabera.

Berriaren webguneak izandako bisitak, gailu motaren arabera.

 

Bereziki bi aldagai ari dira bultzatzen trafiko mugikorra. Batetik, smartphone eta tableten merkatuaren zabalkundea, eta, bestetik, Twitter sare sozialaren hazkundea. BERRIAren Twitter kontua horren lekukoa da: 2013ko urtarrilean 13.803 jarraitzaile zituen BERRIAk Twitterren, eta urtea 21.973 jarraitzailerekin amaitu du (8.170 jarraitzaile berri, % 59,19ko hazkundea).

Webgunea berritzen

Joera, eskari eta nahi horiei ahalik eta hobekien erantzuteko, edizio jarraitua berritzeari ekin zion BERRIAk duela hainbat hilabete. Lanak aurreratuta daude, eta ez da asko falta webgune berritua abian jartzeko. Aldaketa sakona ekarriko duenez, era progresiboan sareratuko da.

Webgunearen aldaketa osoarekin batera, telefonoetara eta tabletetara hobeto egokitutako diseinua garatuko da. Izan ere, euskarazko informazioa ahalik eta herritar gehiagorengana zabaldu eta eskurago jartzeko helburuak gauzatu nahi ditu BERRIAk hasi berri den urte honetan.

Proiektu berriak, sarean

Horretaz guztiaz, aipatzekoak dira BERRIAk 2013an abian jarri dituen beste egitasmo batzuk. Apirilean mendiko kanala sortu zen, Ibilkari. Arrakasta handia izan du bai blogarien artean eta bai Interneteko erabiltzaileen artean ere. Twitterren ere bere kontua du. Maiatzean, Ipar Euskal Herriko Hitza-k webgunea abiatu zuen: “Euskararen plaza berria“.

Uda aurretik, BERRIAren estilo liburuak eman zuen sarerako jauzia: “tresna berria eta erabilgarria“. Twitterren ere denbora gutxian milatik gora jarraitzaile lortu ditu. Azkenik, BERRIAren webguneko urteko apustu garrantzitsuenetako bat urrian heldu zen, GAL 30 urte gune multimediarekin. BERRIAko lantalde zabal batek GALi buruzko lan mardula sareratu zuen, dokumentazioan eta elkarrizketetan oinarrituta.

(Oharra: artikulu hau Berriaren webgunean argitaratu zen urtarrilaren 3an. Orduko bertsioari grafiko bat gehitu zaio).

Advertisements

Maiatzean jauzi bat nabari da euskarazko hedabideen munduan, Twitterreren erabilerari dagokionez. Jarraitzaile berrien kopuruak gora egin du modu orokor batean. Joera hau, neurriren batean, bat dator Umap-en robotak atzemandako tuiterlari aktiboen kopuruaren bilakaerarekin. Joan den apirilean, 5.292 tuiterlari aktibo eta eguneko euskarazko 8.378 mezu  atzeman zituen. Maiatzean, berriz, 5.413 tuiterlari aktibo eta eguneko 8.902 mezu. Aktibitatea hazi da, neurri txikian bada ere.

Euskarazko hedabideen datuak kontuan hartuta, maiatzean bizkortze bat gertatu dela jarraitzaile berrien kopuruari dagokionez. Hedabide aktiboenak dira emaitza hoberenak lortzen dituztenak (Berria edo Argia adibidez). Maiatzeko datu hauekin lotuta egon daiteke Askegunea bezalako fenomeno soziala. Holako egoeratan oso erabilgarri bilakatzen delako Twitter bezalako tresna bat.

Jarraitzaile kopuruaren araberako sailkapenean, hilero bezala, aldaketa gutxi daude. Lehen lau postuak apirilean bezala daude maiatzaren 31ko datuetan: 1. @berria (17.470), 2. @gaztea (16.261), 3. @argia (9.019), eta 4. @HamaikaTb (5.311). Bosgarren postua @euskadi_irratia-k kendu dio @Sustatu-ri. Horrez gain, Tolosaldeako Hitzak irabazi du postu bat.

Hona hemen euskarazko hedabideen sailkapena, Twitterreko jarraitzaile kopuruaren arabera:

sailkapena-maiatza-2013

 

 

Hona hemen, hedabide batzuen bilakaera, jarraitzaile berrien kopuruaren arabera:

 

jarraitzaile berriak-05

Zenbat gara? Zenbat tuiterlari euskaldun gara? Umapek bota da du galdera eta erantzuna ematen saiatu da. Apirileko azkenengo datuen arabera, 4.237 euskal tuiterlari aktibo atzeman ditu Umapen robotak. Bat baino gehiago harrituko zen zifrarekin. Adibidez, Iñaki Larrañaga Twitterren: “Berriak 16.000 jarraitzaile ditu. Herenak besterik ez du euskaraz egiten? Baliteke salbuespen asko dagoelako, baina harrigarria da”. [Berriak zehazki 16.686 jarraitzaile ditu gaurko datuen arabera].

Umapek berak erantzun dio desfasea azaldu asmoz, eta hiru arrazoi eman ditu: “1) Twitter kontuen %50 inguru ‘hilda’ dago; 2) gure jarraitzaile asko spamerrak dira; 3) askok euskaraz jakin, baina egin ez”. Egia da kontu asko ez daudela indarrean, jakin-minez sortzen dira ea Twitter zer ote den ikusteko, baina gero, arrazoi ezberdinak direla medio, ez direla erabiltzen. %50? Gehiegi iruditzen zait, baina ez daukat daturik kontrakoa esateko. Bigarren arrazoiari ez nioke pisu handirik emango, euskara hutsez aritzen diren kontuetan spamerrak salbuespen direlako.

Nire ustez, tuiterlari euskaldun aktiboen kopurua 4.237 baino gehiago izango da. Umapek dioenez, 5.500-6.500 inguru? Baliteke. Agian gehiago, baina ez askoz gehiago. Duela hamar hilabete, Berriak 10.041 jarraitzaile zituen, eta egun 16.686. Hau da, hamar hilabeteetan 6.645 jarraitzaile berri egin ditu. Duela hamar hilabete, Argiak 4.764 jarraitzaile zituen eta gaur egun 8.367 (3.603 berri hamar hilabeteetan). Datu hauek erakusten dute Twitterren erabilpena indartsu hazi dela azken hilabeteotan euskaldunon artean. Zenbaiteraino dira aktibo? Bertxioak eta erantzunak egiteko baldintza ez nieke jarriko. Irakurri eta idaztea nahikoa litzateke, bederen hizkuntzaren ikuspuntutik.

Datuok, edozein modutan, erakusten dute euskaldunon komunitatea oso txikia dela inguruko erdal hizkuntzen ondoan. Korrontearen kontra ari dela. Horregatik, bereziki garrantzitsua da bilakaerak aztertzea, argazki errealagoak ematen dituztelako.

Euskarazko hedabide esanguratsu batzuen jarraitzaile kopuruaren bilakaera aztertuta, datuak ez dira oso baikorrak. Nabaria da jarraitzaile berriak egiteko gaitasun mugatua. Ondoko koadroa argigarria da:

Hedabideak eta Twitter

Noiz egin dute jarraitzaile berri gehien aztertutako euskarazko hedabideek? Guztiek iazko irailean, Argiak salbu. Aurten iaz baino jarraitzaile berri gutxiago lortu dituzte. Joera nabarmena da, Argiaren salbuespena kenduta (Argiak aurtengo otsailean lortu du jarraitzaile berrien kopururik handiena). Joera ez da oso itxaropentsua, eremu berrietara iristeko gaitasun mugatua erakusten duelako.

Jarraitzaile kopuruaren araberako sailkapenari dagokionez, badira zenbait aldaketa aurreko hilabeteekin alderatuta. Lehen hiru tokitan ez dago aldaketarik: lehena Berria da (apirilaren 30ean, 16.588 jarraitzailerekin), bigarrena Euskadi Gaztea Irratia (15.751) eta hirugarrena Argia (8.285). Hamaika Telebistak, berriz, jauzi egin du seigarren tokitik laugarrenera, Sustatu eta Euskadi Irratia aurreratuz. Halaber, eitb albisteak kontua aurreratu zaio Zuzeu orainkariari. Era berean, Topatu.info Hala Bediri aurreratu zaio eta Euskalerria Irratia Kazeta.infori.

Hedabideak Twitterren

Aurreikusteko modukoa zen. Denbora bat pasatuta, Twitter ez zen izango sare sozial soil bat. Ez zen izango bizitza soziala egiteko edo informazioa hedatzeko sare soil bat. Aurreikus zitekeen behatoki bat ere izan zitekeela, behatoki sozial bat, portaerak, gustuak, joerak eta abar luze bat aztertzeko tresna eraginkor bat, alegia. Hala gertatzen ari da, gero eta azterketa eta literatura gehiago da Twitterren erabilpenari buruz, baita gure inguruan ere.

Ildo horretan, interesgarria da Arkaitz Zubiagak egin duen azterketa estatistikoa Berriaren kontuan oinarrituta: “2012a, @berria eta euskaldunon ikuspegitik”. Jasotako bertxioen histograma osatu du, albiste nabarmenak lokalizatzeko. Erradiografia nahiko ona da. Neurri batean, ez guztiz, noski, bat dator berria.info-ren webguneko albiste bisitatuenen zerrendarekin. Edozein modutan, Twitterren bertxioen zenbaketa tresna eraginkor gisa agertu da intereseko gaiak bilatu eta aurkitzeko orduan.

Duela gutxi, bertxio marka berria ezarri da euskarazko albiste baten inguruan. 174 bertxio lortu ditu  Berriak argitaratutako “Hugo Chazez hil egin da” izenburuko albisteak, Sustaturen robotaren arabera.

chavezchavezhilda

 

Dena den, ikerketa batzuen arabera, Twitterren lagina ez da neurgailu ona gizartearen joera nagusiak antzemateko. Pew Research Center-ek zortzi gertakizunen inguruko ikerketa soziologikoak Twiiterren jarioarekin alderatu ditu. Ikerketaren ondorien arabera, “batzutan Twitterren hizketaldia inkesten erantzunak baino liberalagoa da, baina beste batzutan atzerakoiagoa”. Ikerketaren arabera, “Twitterren erabiltzaileak ez dira biztanleriaren adierazgarri”.

Duela aste gutxi, umap.eu tresna berritua jarri zen martxan. Tresna baliotsua da ikusteko zein izan daitezkeen hizpide nagusiak txiolari euskaldunon artean, traolak zenbatuz. Denbora epe ezberdinetan egindako neurketak laguntzen du ikusten zein diren gehien irauten duten gaiak ere. Agian umap.eu tresnak eskaintzen duen atalik ikusiena sailkapenarena izango da. Sailkapenak gustatu edo ez, jakin-mina pizten du. Gaurkoan, gehiago interesatzen zait euskararen erabilpena neurtzeko duen gaitasuna. Ez dut ikusten datu baikorrik, ez. Ez al da gutxi 2.980 erabiltzaile aktibo euskaraz? Zenbat erabiltzaile aktibo egongo da gaztelaniaz gure lurraldean? Egoera diglosiko honetan ez da harritzekoa politikari euskaldunen artean erdararen erabilera handia izatea. Kezkagarriena, tamalez, agintari politikoek ez ikustea lehentasunik euskara sustatzean edo euskarazko hedabideei baliabide ekonomikoak eskaintzean.

Bistan da euskarazko hedabideek zailtasun nabarmenak dituztela nabigatzeko interneteko erdal itsasoan. Hilabetez hilabete erabiltzaile berriak gehitzen jarraitzen dute, baina ez oso erritmo bizian. Otsailean izandako hazkundea urtarrilekoa baina pixka bat txikiagoa izan da. Otsailean, Berriak pilatu du jarraitzaile berri gehien: 604. Horren atzetik, Euskadi Gaztea (600) eta Argia (580) kokatu dira. Jarraitzaile kopuruaren araberako sailkapenean, aldaketa gutxi daude. Lehen hamarren artean, bakarra: Euskadi Irratia aurreratu zaio Hamaika Telebistari. Hona hemen, otsailari dagozkion datuen infogramak.

tw-sailkapena

 

tw-bilakaera

 

Irudia

Umap.eu tresna berritu da eta emaitza ona da, tresna erabilgarria da Twitterreko euskarazko jarduna jarraitzeko eta neurtzeko. Jarioa ikusi, joerak antzeman, sailkapena kontsultatu, euskararen erabilpen neurria, estatistikak… Erraz erabiltzeko tresna atsegina iruditu zait. Sailkapenak bizitasuna ematen dio, erkaketak egiteko eta kuxkuseatzeko balio duelako.

Sailkapena egiteko algoritmoak badu bere misterioa. Umap-en kudeatzaileen arabera,  “algoritmo bat aplikatzen die euskal tuiterlari guztiei, besteak beste ondorengo faktoreak kontuan hartuta: jarraitzaile kopurua, jasotako bertxioak, idatzitako euskarazko txioen interesa, eta abar”.  Irizpide horietan, jakin nahi nuke nola neurtzen duten txioen “interesa”. Hau da, mezuetako edukien balioa nola neurtzen den. Edukien balioa kualitatiboa delako. Berritasuna kualitatiboa den bezala.

Horrez gain, bada beste kontu bat begiz jo nauena: hizkuntza erabilpenaren kalkulua. Lehenik, nire emaitzei begiratu diet: Euskara portzentaia: %95.6. Errepasatu ditut nire urtarrileko eta otsaileko tuitak, baita bertxioak ere, eta denak euskaraz daude. Bestalde, kasualitatez, Berrian euskal politikari batzuen Twitter kontuen neurketa egin dugu azken hilabetan, ea zenbatean egiten duten euskaraz jakiteko (erreportajea bihar kaleratuko da). Umapek euskararen erabilera txikiagoa ematen die guztiei, guk neurtu duguna baino. Gure neurketan ez ditugu bertxioak kontuan hartu, ez direlako egilearen edukiak. Ez dakit hori ote den aldearen azalpena edo beste zerbait. Gorabehera hauek alde batera utzita, jarraitzeko moduko tresna osatu dute Umapeko sortzaileek.

Twitterren zabalkundeak handitzen jarraitzen du gure artean. Horrela erakusten du euskarazko hedabideen termometroak. Joan den abenduan, jarraitzaile berrien hazkundea mantsotu zen euskarazko hedabideen kontuetan, baina urtarrilean berriro azkartu da. Baina, hedabideen arabera, indartsuago edo motelago. Dena den, jarraitzaile kopuruaren araberako sailkapena kasik ez da aldatu. Lehen tokian Berria-k jarraitzen du, 14.472 jarraitzaileekin (abenduaren amaieran baino 668 jarraitzaile gehiago). Bigarren lekuan Euskadi Gaztea irratiaren kontua dago, 13.960 jarraitzaileekin. Indartsu gora, 686 jarraitzaile gehiagorekin. Hirugarren tokian Argia, 6.732 jarraitzailerekin, baita indartsu ere.   Laugarren tokian Sustatu-k segitzen du, 4.533 jarraitzailerekin (163 gehiago). Atzetik datozen bi hedabideek, Hamaika Telebista-k eta Euskadi Irratia-k hazkunde esanguratsua izan dute (309 eta 328 gehiago, hurrenez hurren).

Sailkapenaren lehen 25 tokietan, bi aldaketa izan dira. Batetik, Gaztezulo-k posizio bat irabazi du, Kazeta.info aurreratuz. Bestetik, Irrien lagunak Ukberri.net-i aurreratu zaio.

Hurrengo infogrametan, lehenik, euskarazko hedabideen sailkapena ikus daiteke, eta, ondoren, hedabide horietako batzuen bilakaera joan den ekainaz geroztik gaur arte.

hedabideak-tw-2013-01

bilakaera-2013-01

Erabilerak zehazten du tresna baten ahalmena. Twitterren kasuan ere. Hedabideen ikuspuntutik, bi funtzio nagusi betetzen ari da: batetik, gertaerak/albisteak zabaldu eta elkarbanatzea, eta, bestetik, gogoetak zabaldu eta elkarbanatzea. Bi kasuetan, Berria zeregin garrantzitsua izaten ari da, sarean zabaltzen diren albiste eta gogoeta askoren iturria baita. Sustatu albistariak eta bere robotak egunero uzten dute horren lekukotasuna.

Azken hilabetean, nire ustez, agerian gelditu da Twitterren mugetako bat. Albisteek zein gogoetek eztabaidak pizten dituzte. Eztabaida bideratzeko tresna gisa huts egiten du Twitterrek, besteak beste, 140 karaktereko muga dela eta. Une horretan blogak agertzen dira.

Nabarmena izan zen Lance Amstrong-en aitorpenarekin. Twitter sarean oso aipatua izan zen kontua, baina benetako eztabaida Xabier Usabiagak bere blogean idatzitako artikuluaren inguruan eraiki zen. Xabier Usabiagak gaztelaniaz idatzi zuen, eta euskarazko eztabaida Sustatu-n eman zen, albistearen erantzunetan.

Halaber, gurebook.com atariaren ixteari buruzko eztabaida eta gogoeta Mikel Iturberen Hamairu blogean abiatzen da, “DRMari buruz eztabaidatzeko aukera bikaina” izenburuko artikuluarekin. Gaiaren inguruko beste gogoeta interesgarri bat Berriaren papereko edizioan jarri zuen Alberto Barandiaranek asteroko zutabean: “Epubak eta aulubiak”. Eztabaidak jarraipena izan du. Batetik, Argia-n, Gorka Bereziartuaren Boligrafo Gorria blogean, “Gauzak argitzen ari dira liburu digitalaren merkatuan” izenburuko artikuluarekin. Bestetik, Hitzen uberan webgunean, Alexis Mindegiari eginiko elkarrizketa baten bidez, “Merkatuak ez du onartu” izenburukoa. Baita Markos Zapiainen eskutik ere, Zuzeu atarian: “Bake ederra”.

Azken asteotan izan dira beste eztabaida interesgarri batzuk blog batean postean oinarrituta. Esate baterako, Eneko Bidegainek Blogberri-n idatzitako “Estatistikak eta lurraldetasuna”.

Ez da harritzekoa, beraz, Goio Aranak idatzi berri izana: “blogak bigarren loraldia bizitzen ari dira interneten”.  Loraldia izan edo ez, kontua da gogoeta eta eztabaidarako tresna baliotsuak direla. Berriaren eskutik sortutako Ereiaro euskara kanala ere gogoetarako tresna emankor bihurtu da denbora gutxian, kolaboratzaileen parte-hartze handiak erakusten duenez. Baina badago zer hobetu. Eztabaidak aberasteko modua aurkitu behar da, bakarrizketen batuteka baino askoz gehiago izan daitezen.

Arrakasta handia izan du Twitter aplikazioak hedabideen munduan. Albisteak azkar zabaltzeko eta elkarren artean konpartitzeko tresna eraginkor bilakatu da. Euskarazko hedabideen kasuan, 2012 urtea hazkunde urtea izan da, Twitterreko jarraitzaile kopurutik begiratuta. Hilero jarratzaile berriak pilatuz aritu dira. Hazkunde hori, baina, abenduan moteldu egin dela dirudi. Hedabide gehien gehienek abenduan pilatutako jarraitzaile berrien kopurua azaroan pilatutakoa baino txikiagoa da. Denborak esango du masa kritikoarekin lotutako joera bat den, edo jai asko dituen abenduari bakarrik dagokion kontu bat.

Bestalde, euskarazko hedabideei dagokionez, twitter jarraitzaile kopuruaren araberako sailkapena ez da aldatu azarotik abendura. Lehen 25 postuak berdinak dira. Aipatzekoa da Euskadi Gaztea Irratiaren kontua izan dela jarraitzaile berri gehien pilatu duena (540). Honakoa da sailkapena, abenduaren 31n egindako neurketan:

twitter-sailkapena

Urteko bilakaera ikusteko, ekainetik abendura euskarazko hedabide batzuetako datuak bildu ditut, adibide gisa. Hedabide guztiek dute gero eta jarraitzaile gehiago. Hedabide handiek hazkunde handiagoa izan dutela erakusten du grafikoa. Logikoa den bezala, jarraitzaile gehiago duenak errazago zabaltzen du sarea. Beti daude salbuespenak, noski. Kurisitate gisa, ekainetik abendura, Hamaika Telebista Zuzeu albistariari gailendu zaiola, batez ere, irailean izandako hazkundeari esker. Hona hemen bilakaera:

twitter-bilakaera