Dolu egun hura

2014/03/11 — Utzi iruzkina

M11-azala

Martxoak 11. Badira ibilbide profesionala markatu egiten duten gertaerak. Gaur duela hamar urte, 2004ko martxoaren 11n Madrilen izan zen sarraskia horietako bat da. Euskal hedabideok asko izan genuen jokoan egun hartan eta ondokoetan. Berrian lan ona egin genuelakoan nago. Egun beltz horretan osatu genituen 23 orrialdeak ahalegin horren lekukoak dira.

Sukaldeko irratiaren bidez izan nuen atentatuaren berri. Zapping egin nuen emisora ezberdinen artean, lehen datuen erradiografia osatze aldera. Lehen datuekin –leherketa ugari, tren ezberdinetan, tren mota, biktima mota eta kopurua (ordu hartan, 80 inguru aipatzen zen),…– nire lehen inpresioa argia izan zen: hau ez da izan ETArena izan. Orduko zuzendariorde Xabier Lekuonari hots egin nion, eta biok inpresio bera genuen, Madrilgo sarraskia integrista islamiarren ekintza bat zela eta ez zuela zerikusirik ETArekin, alegia.

Hasierako analisi hori zuzena zela pentsatu nuen egun osoan, egun tragiko eta, informazioaren ikuspuntutik, egun ero hartan. Datu uholde nahasi eta kontraesankorren artean, ez zegoen denbora askorik gertaerak hotz eta sakon aztertzeko, lan talde oso bat antolatu behar zelako ahalik eta hedapen informatiborik hoberena eta osatuena eskaintzeko.

Zurrunbilo handi haren erdian, iluntzean, analisi bat idatzi nuen, eta hor gelditu da betiko hemerotekan. Hona hemen, hitzez hitz, 2004ko martxoaren 11ko egun hartan bizi izandakoaren lekuko.

Dolu eguna, mugarri izango den eguna

Madrilek Irailaren 11ko amesgaztoa bizi du. Madrilgo lau trenetako bidaiarien kontrako leherketek utzitako ondorioen neurria (190tik gora hildako, milatik gora zauritu…) eta tragedia horren guztiaren irudiek New Yorkeko Dorre Bikien kontrako erasoaren oroimena berpiztu dute. Madrilen heriotza, izua, odola eta dolua nagusitu dira eta ondoren han eta hemen barreiatu dira. Barru-barruraino. Biktimak langile auzoetatik trenez abiatutako herritarrak dira, herritar xumeak, adin guztietakoak. Sarraskia neurririk gabekoa izan da. Horrelakorik Euskal Herritik urruti ikusi izan ditugu orain arte. Azkenaldian, sarraskien irudiak Irak inbaditutik (gerra eta gerrondoa), Txetxeniatik, Errusiatik, Palestina eta Israelen arteko gatazka lekutik eta munduko beste zenbait tokitik… iritsi dira. Europako Batasunean ez da horrelakorik gertatu hegazkinen kontrako atentatuak kenduta (1985an Irlandako kostaldetik gertu eta 1988an Lockerbien, Eskozian). Europako Batasunaren ingurura begiratuz gero, azkenaldian, Tangerren (Marokko) eta Istanbulen (Turkia) izandako atentatuak gogora datoz. Lehena Espainiako interesen kontra eta bigarren Erresuma Batuen interesen kontra (abenduan). Azken bi aurrekari hauek ikusita, eta, oro har, Irailaren 11az geroztiko egoera kontuan hartuta, eta Madrilgo tragediaren tamaina ikusita logikak ekintzaile islamisten eremura begiratzen du. Atzo eguerdian egiletza ez zegoen argi. Horrela aitortu Europoleko zuzendariak. Ez zegoen argi, Espainiako Barne Ministerioak ETAri egotzi arren. Eguerdi aldera, zalantzarik gabe egin zuen, arratsaldean, berriz, beste hipotesi batzuk (hari islamista) baztertu gabe. 13:30eko agerraldian ETAri leporatu zion ardura, baina datu zehatzik aurkeztu gabe. Argudio bakarra ETA Madrilen atentatuak egiten saiatu dela gogoratzea izan zen. Arratsaldeko agerraldian beste ikerketa ildo bat irekitzeko zantzuen aurkikuntza aitortu zuen. Hortik aurrera, egiletza islamistaren hipotesia indartu zen.

ETAren jarduera armatuaren eta diskurtso politikoa aztertuta (Kataluniarako su-etena barne), Madrilgo triskantzaren ardura bilatzeko beste norabaitera begiratu behar dela dio logika hotzak. Halaber, logikak dio, lehenago edo beranduago, Irailaren 11ko erasoaren ildoa jarraitzen dutenek Iraken inbasioa sostengatu eta bultzatu zutenen kontra -AEB, Erresuma Batua eta Espainia- eraso egingo zutela. Denbora beharko da gertutakoa argitzeko eta ETAren hitza entzun beharko da. Dena dela, Al Kaedaren inguruko taldeen mehatxua benetakoa izanik, ez da ulertzen hainbat arduradun politiko eta agintarik zuhurrago ez jokatu izana. Are gutxiago, ezker abertzaleko ordezkari kualifikatuek ziotenean ETAren ardura ez zutela onartzen ezta hipotesi gisa. Azkenean, Al Kaedaren inguruko egiletza baieztatzen bada, nork hartuko du bere gain hutsegitearen ardura?

Gertatutakoa, hala ere, mugarri bat izango da euskaldunontzat ere. Martxoak 11 memorian grabatuta geldituko da. Honelako sarraskiekin lotzeko aukerarik egon ez dadin hartu beharreko neurriak areagotu eta azkartzea ekarriko du. Gainera, Estatuak emango dion erantzunak, ETAk zerikusirik izan gabe ere, giza-eskubideak murriztea ekarriko du euskaldunontzat ere. Irailaren 11aren osteko gurutzadak jarraipena izango du.

(BERRIA, 2004-03-12)

Advertisements

Iruzkinik ez

Be the first to start the conversation!

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s