Durangoko gogoetak

2013/12/09 — 2 iruzkin

Kabiak gonbitea eta puntua jarrita, “Eduki digitalak eta etorkizuneko eredu posibleak” gaiaren inguruan aritu gara Durangoko Azokan Ion Telleria (Naiz-Gara), Olatz Osa (Elkar), Gorka Arrese (Susa) eta laurok. Ikuspegiak alderatu, eztabaidatu eta gogoeta egiteko aukera egon da. Bertan entzule gutxi, zarata gehiegi eta hotz handia, baina luze eta gustura aritu gara. Jarraian, solasaldirako prestatutako gogoetak eta grafikoak azalduko ditut, eskurago izan daitezen.

ABIAPUNTUAN, GOGOETA BAT

Ara egunkariak 3 urte bete berri ditu, joan den azaroaren 28an. Horren harira, lan multimedia berezi bat argitaratu du: Tres anys de periodisme. Bertan, Antoni Bassas Arako editorearen honako gogoeta dago.

“Ez gara paperezko egunkari bat, webgune bat ere baduena. Hedabide multiplataforma bat gara, paperezko egunkari bat ere baduena. Eta webgune bat ere baduena, irratia bezain azkarra, telebista bezain erakargarria, papera bezain sakona eta tuit bat bezain argia izan nahi duena”

(Antoni Bassas, Arako editorea)

Duela hamar urte, Euskaldunon Egunkaria itxi ondoren, Berria jaio zenean ez zen paperean bakarrik jaio. Batera, interneten ere jaio zen, baina esango nuke 2003an Berria papereko egunkari bat zela, webgune bat ere bazuena. Gaur egun, ordea, Berria Antoni Bassasen definiziotik gertuago dagoelakoan nago. Etorkizunari ikusmolde horretatik begiratzen dio. Baita hedabide multiplataforma bat baino zerbait gehiago badela sinistuta ere.

EREDU EKONOMIKOAREN ALDAKETA

Azken urteotan milaka eta milaka hitz esan eta idatzi dira hedabideen krisiari buruz. Hala ere, euskarazko hedabideak beti egon gara krisian, beti egoera zailean, bideragarritasun ekonomikoa zalantzan. Gizartearen bultzadari esker sortu gara, baita garatu eta iraun, eta, aurrerantzean, bultzada horri esker egingo dugu aurrera.

Azken hamarkadan, hedabideen eredu ekonomikoa aldatu da. Hamaika faktore elkartu dira krisia biderkatuz. Berriaren kasuan, eredu ekonomikoaren aldaketa eragin duen faktore nagusia publizitatearen atzerakada izan da. Diru sarreren ikuspegitik, era kritikoan aldatu den parametro bakarra publizitatea izan da. Esan genezake eduki fisiko eta digitalen arteko gorabeherak ez duela eragin nabarmenik izan ikuspuntu ekonomikotik. Horixe adierazten du diru sarreren bilakaerak:

Berriaren diru sarreren bilakaera (Ustiapen emaitzak, 2004-2012)

Berriaren diru sarreren bilakaera (Ustiapen emaitzak, 2004-2012)

Grafikoen argi ikusten denez, aldaketa sakona (beherakada) izan duen parametro bakarra publizitatea izan da. Bi faktore nagusi pilatu dira publizitatearen beherakada eragiteko orduan: interneten eraginez publizitatea egiteko moduaren aldaketa eta krisi ekonomikoa (publizitaterako aurrekontu murrizketa enpresa eta instituzioetan).

Salmentaren marra egonkorragoa da, baina antzematen zaio hazkunderako nolabaiteko ezintasuna eta beheranzko joera. Bestelako sarreren zati handiena diru-laguntzei dagokie, eta antzematen da beherazko joera krisiaren aurrekontuen ondorioz.

Sarreren egitura aztertzea interesgarria da ere. Eredu aldaketa era grafikoan antzematen da, adibidez, 2008ko sarreren egitura 2012koarekin alderatzen badugu:

Berriaren diru sarreren egitura (2008/2012).

Berriaren diru sarreren egitura (2008/2012).

Publizitatearen beherakadak desorekatu egin du diru-sarreren egitura, azken lau urteotan. Pisu gehiegi salmentaren bizkarrean. 2012ko diru-sarreretan, zorionez, elementu berri bat ageri da ez ohiko sarreretan: berrialagunak (%5). Paradigma berri baten hasiera da, baina oraindik pisu gutxi du ikuspegi kuantitatiboan. Bestalde, nabarmentzekoa da bestelako sarreren multzoak (diru-laguntzak + promozioak) ez duela pisu handirik diru iturrietan (batez ere, tokiko hedabideek duten finantzaketa publikoarekin alderatuta: %33tik %42ra bitartekoa, Tokikomen azken txostenaren arabera).

Gastuen bilakaera aztertzen badugu, parametroen egonkortasunaz ohartuko gara. Hau da, gastuak murrizteko zailtasunaz.

Berriaren gastuen bilakaera (2004-2012).

Berriaren gastuen bilakaera (2004-2012).

Gastuen egitura alderatuz gero antzeko egoera erakutsiko du:

Berriaren gastuen egitura (2008/2012).

Berriaren gastuen egitura (2008/2012).

AURRERA BEGIRA, ASMATU BEHARRA

Etorkizuna egon badago hedabideentzat, baita Berria bezalako hedabide batentzat. Baina asmatu beharko da. Nire ustez, honako hiru arlotan asmatu beharko da:

1. Eginkizuna

Eginkizunak ematen dio zentzua hedabide bati edo beste edozein proiektuari. Eginkizun hori ongi definitzea, garai bakoitzera egokitzea, eta gizartearen nahi eta beharrekin ongi lotzea funtsezkoa izango da.

Adibidez, Berriaren eginkizun anitzaren zirriborro bat honako hau izan daiteke:

– Berehalako informazioa eman

– Informazio landua eskaini

– Euskara normalizatzeko tresna izan

– Kulturgintza suspertu

– Iritzi eta gogoetarako elkargune izan

– Gizarte mugimenduen ispilu

– Gazteak euskarara lotzeko tresna izan

– Nazio ikuspegia landu

-…

2. Edukiak

Hedabide batek eskaintzen dituen edukietan ere asmatu beharra dago. Garrantzitsua da eduki horiek herritarren nahi eta beharrekin lotuta egotea. Horretarako, garrantzitsua da irakurle eta jarraitzaileekin harremanetan egotea, adi.

Duela gutxi, esate baterako, Berriak inkesta moduko bat egiten ari da, Berria berritzeko prozesuan haien iritzia eman dezaten. Galdera horietako batean eskatu diegu adierazteko zer gustatzen zaien irakurtzea. Hitzen laino honetan islatzen dira jasotako lehen erantzunak:

gustuak

3. Forma/formatoa

Edukiak era, diseinu eta formato ezberdinetan eskaintzen asmatu beharko du hedabide batek etorkizuna bermatzeko. Era integralean eta koherentean, baina eskaintza dibertsifikatuz. Ohitura, behar eta une ezberdinetara egokituz.

ETORKIZUN EKONOMIKOAREN GAKOAK

Labur bada ere, hedabide baten kasuan, hiru gako nabarmenduko nituzke bideragarritasun ekonomikoaren ikuspuntutik.

1. Diru sarrerek oinarri eta jatorri anitza izan behar dutela onartzea.

Horrek esan nahi du eskaintza dibertsifikatu behar dela eta eremu berriak esploratu beharra dagoela, beti ere finkatutako eta komunitateak onetsitako eginkizunari lotuta.

2. Komunitatean ongi txertatzea.

Parametro berrietan, komunikazio gehiago eta eraginkorragoaren bidez, eta benetako parte-hartzea ahalbidetuz. Berriak norabide horretan bidaia bat abiatu du: berrialagunak. Bidean sakondu eta urruti iristeko asmotan abiatu, izan ere.

ziztadaalboa

Komunitatea era irekian ulertu behar dela uste dut. Azken batean, Berriaren komunitatea euskal hiztunen komunitatea da, beste hainbat proiekturekin konpartitzen dena.

3. Berrikuntza

Hedabideen munduan etengabeko berrikuntza ezinbesteko bilakatu da. Horregatik, Berria berrikuntza prozesu sakon batean murgilduta dago:

– laster webgunea berrituko da

– paperezko edizioa ere berritze prozesuan dago

– euskarri mugigorretarako eskaintza ere berrituko da

– Badok musika ataria ere eraldatuko da

– eta gehiago

ESPLORATU BEHARRA

Berrikuntza prozesu hauetan, begi bat irakurle-erabiltzailearengan eduki behar da eta bestea munduan zehar gertatzen ari diren aldakuntzetan. Esploratu beharra dago, han eta hemen.

Arlo eta euskarri guztietan daude aukerak. Asmatu daiteke, edo huts egin. Baina esploratu beharra dago.

Hona hemen hiru adibide:

1. The Guardianen robota

Esperimentu bat da. Robot batek formato luzeko artikuluak aukeratzen ditu, eta bildumarekin paperezko astekari bat egiten du: The long good read. Londreseko kafetegiren batean dohan banatzen du, froga gisa.

The Guardianen The long good read astekaria.

The Guardianen The long good read astekaria.

2. Liberationen liburutegia

Duela aste batzuk, liburutegi digital bat martxan jarri du Liberation egunkariak. Gai baten inguruko artikulu bildumak dira, epub formatoan eskainita, 2,90 euro aleko.

Liberationen liburutegia.

Liberationen liburutegia.

3. Narratiba multimedia

Narratiba multimedia etorkizuneko kazetaritzaren zutabeetako bat izango da. New York Timesek edo The Guardianek ale ederrak eskaini dituzte azkenaldian. Baina Ara egunkariak ere, hirugarren urteurrenaren harira. Merezi du Araren lan multimedia berezia bisitatzea.

Tres anys de periodisme. Araren lan multimedia berezia.

Tres anys de periodisme. Araren lan multimedia berezia.

Advertisements

2 responses to Durangoko gogoetak

  1. 

    Oso interesgarria, eskertzen da irekitasuna eta argitasuna zifretan. Amaieran ematen dituzun adibideetan 1. interesatu zait gehien, robotarena (ez zara harrituko, Pello). Gutxien, 3.a: funts gutxi ikusten diet multimedia garapen horiei.

    • 

      Aitortu behar dut narratiba multimedia hori, ondo eginda dagoenean, gustatzen zaidala. Araren adibidea, adibidez. Hori bai, osagarri gisa, noizean behin. goxoki bezala, eta harritzeko asmoarekin.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s