Archives For maiatza 2013

New York Times egunkaria bere webgunea birdiseinatzen ari da, sakon berritzen ari da. Joan den martxoan, diseinu berriaren prototipoaren zati bat erakutsi zuen, eta gehiago ikusi nahi izanez gero horretarako gonbidapena eskatzeko aukera eman zuen. Aste honetan bertan eskuratu dut diseinu berrian esploratzeko aukera, eta interesgarria izan da ikusitakoa. Intersgarria batik bat Berria.info webgunearen diseinu berria lantzen ari den lan taldearentzat. Martxoan ikusitako zatia gustatu zitzaigun, eta irudipena sendotu da orain ikusi ahal izan dugunarekin. Estilo berri bat landu du, ildo bat markatu dezakeena.

Hona hemen martxoan erakutsitakoaren kaptura bat. Erreportaje baten adibidea da. Letra tipo lodi eta beltzak eta argazkiaren kokapenak (goian, eskuin aldean) begiz jotzen dute. Horrekin batera, sinpletasuna eta argitasuna, edota menuaren minimalismoa.

NYTen diseinu berriaren prototipoa.

NYTen diseinu berriaren prototipoa.

 

Aste honetan zabaldutako aukerari esker, menu minimalista horren zehaztasun gehiago ikusi ahal izan dira. Albisteak erakusten dituztenean menua sinplifikatu egin dute: lerro batean Sections, Home eta Search kokatu dituzte, eta bigarrenean gai nagusien selekzio bat ezker-eskuin mugi daitekeen zinta batean.

Captura de pantalla 2013-05-21 a la(s) 15.19.35

 

Albistea irakurri ahala, beheraka egitean gai nagusien zinta hori desagertuko da eta soilik menuaren ikurra eta albistearen titulua geldituko dira ikusgai. Menuaren botoian klik eginez gero, errezel bertikal bat desplegatuko da ezker aldean.

Menua, goitik behera.

Menua, goitik behera.

 

Menuaren ikurrei kasu eginez, telefono mugikorretan eta tabletetan erabiltzen den ikonografia aukeratu dutela ohartuko gara. Baina hori ez da tabletei egin dieten keinurik garrantzitsua. Alboetan kokatuta dauden gezien bidez ezker-eskuin nagibatu daiteke albiste batetik bestera.

 

Alboetako gezien bidez albistez albiste nabigatu daiteke.

Alboetako gezien bidez albistez albiste nabigatu daiteke.

 

Albistearen elementu osagarriak eta lotutako albisteak asko zaintzen dituzte NYTen diseinu berrian, baina beti soiltasunez aurkezten dituzte, albistearen testuaren eskuin aldean, batzutan urdina erabiliz. Iruzkinak albistearen amaieran erakusten ditu, modu sinple eta erakargarrian.

 

Iruzkinei garrantzia ematen diete.

Iruzkinei garrantzia ematen diete.

 

Diseinuaren ikuspuntutik, beste eredu interesgarri bat Reuters albiste agentziarena da. Hau ere aldaketa prozesuan dago.

Hona hemen diseinu zaharra:

 

Reuters agentziaren egungo diseinua.

Reuters agentziaren egungo diseinua.

 

Eta hau da diseinu berriaren prototipoa:

Reuters agentziaren diseinu berriaren prototipoa.

Reuters agentziaren diseinu berriaren prototipoa.

 

Argi dago, badago zer eta nondik ikasi.

Advertisements
Eñaut Elorrieta 1Eñaut Elorrieta 2Eñaut Elorrieta 3Eñaut Elorrieta 4Eñaut Elorrieta 5Eñaut Elorrieta 6
Eñaut Elorrieta 7Eñaut Elorrieta 8Eñaut Elorrieta 9

Eñaut Elorrieta Lizarran, un álbum en Flickr.

halabedi

Alberto Barandiaran, Gorka Bereziartua, Aritz Agirre, Iñaki Soto eta Agus Hernan, Hala Bedi irratiak antolatutako solasaldiaren hizlariak.

 

Hala Bedi irratiak 30 urte betetzen ditu aurten, eta horren harira antolatu duen solasaldi sortaren barruan, lehenbabizikoa euskarazko hedabideen ingurukoa izan da. Zehazki, joan den asteazkenean, maiatzak 15, izan zen, Gasteizen. Bost ahots izan zituen solasaldiak: Alberto Barandiaran (Hekimen), Gorka Bereziartua (Argia), Aritz Agirre (Euskadi Irratia), Iñaki Soto (Gara), eta Agus Hernan (Antxeta Irratia).

Gai ezberdinak jorratu ziren: Hekimenen zeregina, botere publikoekiko harremana, diru-laguntzak eta menpekotasuna, sektorearen krisia, sarearen eta sare sozialen eragina, Askegunearen esperientzia, kazetaritzaren balioa, euskarazko hedabideen zabalkundea, bazkidetzaren garrantzia finantzazioaren ikuspuntutik… Nire oharretan badaude esaldi interesgarri batzuk. “Administrazioen sostengua ez da nahikoa, ezta egokia ere”, “publizitate instituzionala %7 da soilik” (A. Barandiaran). “Eitb gizartearen ispilu da”, “agian instituzionalegiak izan gara, baina ez alderdikeriaren bidetik”, “presioak… denok dauzkagu” (A. Agirre). “Zenbat dira benetako kontsumitzaileak?”, “gazteak ez dira lotu euskarazko hedabideetara” (A. Hernan). “Sarean esperimentuak egiten ari gara, baina baikor naiz trena hartu baitugu erretimo beretsuan” (G. Bereziartua). “Ez da baloratzen behar bezala erredakzioak daukan garrantzia”, “diru-laguntzen eskema EAJ-PSE akordio soziolinguistikoaren menpe dago” (I. Soto)….

Solasaldi interesgarri eta aberats horretatik hari batetik nahi nuke tiraka egin. Bereziki Agus Hernanek jarri zuen mahai gainean kezka: euskarazko hedabide asko daude, gehienak txikiak, baina jende berriarengana iristea lortzen ari al dira? Gazteengana iristen ari al dira? Atomizazio gehiegi al dago? Elkarlanerako gaitasuna al dago?

Nire irudiko euskarazko hedabideak ahulak dira, euskara bera baino ahulago. Kalitatea egon arren, hedatzeko muga edo oztopo handiak dituzte. Hedabide beteranoenak, gainera, gazte belaunaldiekin konektatu ezinik dabiltza. Ahuleziazko egoera horretan, bi gako daude etorkizinari begira: elkarlan eraginkorra eta teknologia berrien egokitzapena.

Egon badago elkarlana, era askotara. Aspaldikoa eta berriagoa. Adibidez, Euskal Irratiak, Goiena, Hitzak, Hamaika Telebista… ellkarlanaren esperientzia ezberdinak dira. Hekimen, herri ekimeneko euskarazko hedabideen elkartea, beste jauzi bat da eta Tolosaldean sortzen ari den plataforma beste bat. Beste elkarlan adibide interesgarri bat Ipar Euskal Herriko hedabideen artean garatzen ari diren Ahoan bilorik gabe elkarrizketa saioa da. Bertan, Herria, Euskal Irratiak, Kanaldude Telebista, Berria-Ipar Euskal Herriko Hitza, Kazeta.info indarrak biltzen ari dira zeresanik emango duen saio bat osatzeko.

Azken elkarrizketa, aste honetan bertan, ostegunean, Filipe Bidarti egin diote eta datorren astean argitara emango dute. Filipe Bidartek berak aitortu die ahalegin berria euskarazko hedabideei. Erreferentzialtasun gehaigo eta zabalkunde handiagoa lortzeko elkarlan formula interesgarri bat da.

Formula gehiago asmatu beharko dituzte euskarazko hedabideek, euskaldun gehiagoarengana iristeko eraginkor izan nahi badute. Norbere nortasuna zainduz eta elkar errespetatuz, osagarritasuna landu beharko dute euskarazko hedabideek. Eta ez legoke gaizki elkarlan horren zati garrantzitsu bat iraultza digitalaren erronkari aurre egiteko bideratzea, erronka horretan baitago etorkizunaren giltza.

Zenbat gara? Zenbat tuiterlari euskaldun gara? Umapek bota da du galdera eta erantzuna ematen saiatu da. Apirileko azkenengo datuen arabera, 4.237 euskal tuiterlari aktibo atzeman ditu Umapen robotak. Bat baino gehiago harrituko zen zifrarekin. Adibidez, Iñaki Larrañaga Twitterren: “Berriak 16.000 jarraitzaile ditu. Herenak besterik ez du euskaraz egiten? Baliteke salbuespen asko dagoelako, baina harrigarria da”. [Berriak zehazki 16.686 jarraitzaile ditu gaurko datuen arabera].

Umapek berak erantzun dio desfasea azaldu asmoz, eta hiru arrazoi eman ditu: “1) Twitter kontuen %50 inguru ‘hilda’ dago; 2) gure jarraitzaile asko spamerrak dira; 3) askok euskaraz jakin, baina egin ez”. Egia da kontu asko ez daudela indarrean, jakin-minez sortzen dira ea Twitter zer ote den ikusteko, baina gero, arrazoi ezberdinak direla medio, ez direla erabiltzen. %50? Gehiegi iruditzen zait, baina ez daukat daturik kontrakoa esateko. Bigarren arrazoiari ez nioke pisu handirik emango, euskara hutsez aritzen diren kontuetan spamerrak salbuespen direlako.

Nire ustez, tuiterlari euskaldun aktiboen kopurua 4.237 baino gehiago izango da. Umapek dioenez, 5.500-6.500 inguru? Baliteke. Agian gehiago, baina ez askoz gehiago. Duela hamar hilabete, Berriak 10.041 jarraitzaile zituen, eta egun 16.686. Hau da, hamar hilabeteetan 6.645 jarraitzaile berri egin ditu. Duela hamar hilabete, Argiak 4.764 jarraitzaile zituen eta gaur egun 8.367 (3.603 berri hamar hilabeteetan). Datu hauek erakusten dute Twitterren erabilpena indartsu hazi dela azken hilabeteotan euskaldunon artean. Zenbaiteraino dira aktibo? Bertxioak eta erantzunak egiteko baldintza ez nieke jarriko. Irakurri eta idaztea nahikoa litzateke, bederen hizkuntzaren ikuspuntutik.

Datuok, edozein modutan, erakusten dute euskaldunon komunitatea oso txikia dela inguruko erdal hizkuntzen ondoan. Korrontearen kontra ari dela. Horregatik, bereziki garrantzitsua da bilakaerak aztertzea, argazki errealagoak ematen dituztelako.

Euskarazko hedabide esanguratsu batzuen jarraitzaile kopuruaren bilakaera aztertuta, datuak ez dira oso baikorrak. Nabaria da jarraitzaile berriak egiteko gaitasun mugatua. Ondoko koadroa argigarria da:

Hedabideak eta Twitter

Noiz egin dute jarraitzaile berri gehien aztertutako euskarazko hedabideek? Guztiek iazko irailean, Argiak salbu. Aurten iaz baino jarraitzaile berri gutxiago lortu dituzte. Joera nabarmena da, Argiaren salbuespena kenduta (Argiak aurtengo otsailean lortu du jarraitzaile berrien kopururik handiena). Joera ez da oso itxaropentsua, eremu berrietara iristeko gaitasun mugatua erakusten duelako.

Jarraitzaile kopuruaren araberako sailkapenari dagokionez, badira zenbait aldaketa aurreko hilabeteekin alderatuta. Lehen hiru tokitan ez dago aldaketarik: lehena Berria da (apirilaren 30ean, 16.588 jarraitzailerekin), bigarrena Euskadi Gaztea Irratia (15.751) eta hirugarrena Argia (8.285). Hamaika Telebistak, berriz, jauzi egin du seigarren tokitik laugarrenera, Sustatu eta Euskadi Irratia aurreratuz. Halaber, eitb albisteak kontua aurreratu zaio Zuzeu orainkariari. Era berean, Topatu.info Hala Bediri aurreratu zaio eta Euskalerria Irratia Kazeta.infori.

Hedabideak Twitterren

Bi aste pasa Bulebarreko Askegunea loratu zenetik. Ez da izan lore bakandu bat. Segida izango du, ziur nago. Bulebarreko Askegunean gertatutakoak zer esan ugari eman du. Baita zer pentsatu ere. Horren haritik hona hemen bi gogoeta xume.

Askatasuna ez da zerbait estatikoa eta erabat definitua. Etengabeko ariketa bat da, zatika osatzen joaten dena. Alez ale, tantaz tanta. Bulebarreko Askeguneak ez  du ekarri jazarritako zortzi gazteak ez esperatzea, baina bai askatasun zaparrada bat. Askeago sentitu ahal izan gara Askeguneari esker. Askatasun uneak eta eremuak eraikitzen erakutsi duelako. Elkartzearen indarrak askatasun haizea dakarrela erakutsi duelako.

Aldi berean, informazioak askatasun bufada ekarri du. Hamaika eratara zabaldu da Askegunean gertatzen ari zena. Bertatik. Horrek ere libreago sentiarazi gaitu. Horrek babestu egin ditu Askegunean bildutakoak. Horrek egia babestu du. Kazetarien lan informatiboa eta herritarren jario soziala elkar osatu dira, ertzainen jardun ankerra (kolpeak, bihurrituak, ile-tiraldiak, bulkadak, irainak, mehatxuak…) agerian utzita. Gertatzen ari zena kontatzeko grinak agerian utzi du ere Argiako Lander Arbelaitz kazetariak jasandako tratu bortitza. Ilunpean argia jarri nahian ari zela bulkatua eta lurrera jaurtia izan zen. Lekuko deserosoa paretik kentzeko saio lotsagarri eta antzua.

Lander Arbelaitzi gertatukoari erreparatu, salatu eta erantzukina eskatzeaz gain,  Lander Arbelaitzek berak utzitako irakasgairi ere begiratu behar zaiolakoan nago.  Askegunearen garrantziaz ohartu, bertatik kontatu beharra argi ikusi, aldi bereko kontakizun multimediari ekin, eta gertu gertutik jarraitu… Kazetaritza lezio praktiko bikaina eman zuen Lander Arbelaitzek, ertzainen bortizkeriaren biktima bihurtzeaz gain.

 

Herri Harresia barrutik 2 (Argiaren bideoa)

 

Gai honen inguruan bi artikulu gomendagarri:

Gorka Bereziartua: Prentsa independenteak asko dezake, herritarrekin (Argia)

Alberto Barandiaran: Hurbildu eta gero kontatu (Berria)