Archives For otsaila 2013

Irudia

Umap.eu tresna berritu da eta emaitza ona da, tresna erabilgarria da Twitterreko euskarazko jarduna jarraitzeko eta neurtzeko. Jarioa ikusi, joerak antzeman, sailkapena kontsultatu, euskararen erabilpen neurria, estatistikak… Erraz erabiltzeko tresna atsegina iruditu zait. Sailkapenak bizitasuna ematen dio, erkaketak egiteko eta kuxkuseatzeko balio duelako.

Sailkapena egiteko algoritmoak badu bere misterioa. Umap-en kudeatzaileen arabera,  “algoritmo bat aplikatzen die euskal tuiterlari guztiei, besteak beste ondorengo faktoreak kontuan hartuta: jarraitzaile kopurua, jasotako bertxioak, idatzitako euskarazko txioen interesa, eta abar”.  Irizpide horietan, jakin nahi nuke nola neurtzen duten txioen “interesa”. Hau da, mezuetako edukien balioa nola neurtzen den. Edukien balioa kualitatiboa delako. Berritasuna kualitatiboa den bezala.

Horrez gain, bada beste kontu bat begiz jo nauena: hizkuntza erabilpenaren kalkulua. Lehenik, nire emaitzei begiratu diet: Euskara portzentaia: %95.6. Errepasatu ditut nire urtarrileko eta otsaileko tuitak, baita bertxioak ere, eta denak euskaraz daude. Bestalde, kasualitatez, Berrian euskal politikari batzuen Twitter kontuen neurketa egin dugu azken hilabetan, ea zenbatean egiten duten euskaraz jakiteko (erreportajea bihar kaleratuko da). Umapek euskararen erabilera txikiagoa ematen die guztiei, guk neurtu duguna baino. Gure neurketan ez ditugu bertxioak kontuan hartu, ez direlako egilearen edukiak. Ez dakit hori ote den aldearen azalpena edo beste zerbait. Gorabehera hauek alde batera utzita, jarraitzeko moduko tresna osatu dute Umapeko sortzaileek.

Advertisements

Arrastoa utzi du Egunkariaren itxieraren 10. urteurrenak. Memoria ariketa kolektibo garrantzitsua izan da. Sentipen eta gogoeta asko pilatu dira egunotan. Horrelako oroimen saioak emankorrak izaten dira geroari bestelako begirada batez heltzeko, eta indartsuago ekiteko. Baina, gaurkoan, ez naiz iraganaren ibaian murgilduko. Etorkizunarekin lotuta dauden bi kontu aipatu nahi ditut, labur.

Egunkaria itxi zuteneko 10. urteurrenaren bezperan, bileratxo batean parte hartzeko zoriona izan dut. Bertan egondako guztiak Egunkarian aritutakoak ginen, baita Berrian ere. Batzuk, dagoeneko ez dira Berriako lankideak, gertu-gertukoak izan arren. Baina bileraren zioa ez zen garai zaharrak gogoratzea, baizik eta Berria berritzen laguntzea, hau da, etorkizunari begiratzea eta Berria birrasmatzea. Pozgarria eta emankorra izan zen topaketa.

Beste kontua zenbaki bat da. Bihar Berriak 3.000 alea kaleratuko du, alez ale egiten baita bidea. 3.000 zenbaki honetan ez dugu iraganaz hitz egingo, baizik eta etorkizunaz. Ekainaren 21ean, Berriak 10 urte beteko ditu. Urteurren hori irakurle eta sostenguemaile guztiekin batera ospatzeko kultur ekitaldi sorta bat antolako da. Horren berri emango dugu bihar. Baita urtean zehar gauzatu nahi ditugun egitasmo guztien berri ere. Telefono mugikorretarako aplikazioarekin hasita, berria.info berritzeko asmora arte. Beraz, 10. urteurrenekoa  berrikuntza urtea izango da. Bihar zehaztasun gehiago.

 

Twitterren zabalkundeak handitzen jarraitzen du gure artean. Horrela erakusten du euskarazko hedabideen termometroak. Joan den abenduan, jarraitzaile berrien hazkundea mantsotu zen euskarazko hedabideen kontuetan, baina urtarrilean berriro azkartu da. Baina, hedabideen arabera, indartsuago edo motelago. Dena den, jarraitzaile kopuruaren araberako sailkapena kasik ez da aldatu. Lehen tokian Berria-k jarraitzen du, 14.472 jarraitzaileekin (abenduaren amaieran baino 668 jarraitzaile gehiago). Bigarren lekuan Euskadi Gaztea irratiaren kontua dago, 13.960 jarraitzaileekin. Indartsu gora, 686 jarraitzaile gehiagorekin. Hirugarren tokian Argia, 6.732 jarraitzailerekin, baita indartsu ere.   Laugarren tokian Sustatu-k segitzen du, 4.533 jarraitzailerekin (163 gehiago). Atzetik datozen bi hedabideek, Hamaika Telebista-k eta Euskadi Irratia-k hazkunde esanguratsua izan dute (309 eta 328 gehiago, hurrenez hurren).

Sailkapenaren lehen 25 tokietan, bi aldaketa izan dira. Batetik, Gaztezulo-k posizio bat irabazi du, Kazeta.info aurreratuz. Bestetik, Irrien lagunak Ukberri.net-i aurreratu zaio.

Hurrengo infogrametan, lehenik, euskarazko hedabideen sailkapena ikus daiteke, eta, ondoren, hedabide horietako batzuen bilakaera joan den ekainaz geroztik gaur arte.

hedabideak-tw-2013-01

bilakaera-2013-01

Erabilerak zehazten du tresna baten ahalmena. Twitterren kasuan ere. Hedabideen ikuspuntutik, bi funtzio nagusi betetzen ari da: batetik, gertaerak/albisteak zabaldu eta elkarbanatzea, eta, bestetik, gogoetak zabaldu eta elkarbanatzea. Bi kasuetan, Berria zeregin garrantzitsua izaten ari da, sarean zabaltzen diren albiste eta gogoeta askoren iturria baita. Sustatu albistariak eta bere robotak egunero uzten dute horren lekukotasuna.

Azken hilabetean, nire ustez, agerian gelditu da Twitterren mugetako bat. Albisteek zein gogoetek eztabaidak pizten dituzte. Eztabaida bideratzeko tresna gisa huts egiten du Twitterrek, besteak beste, 140 karaktereko muga dela eta. Une horretan blogak agertzen dira.

Nabarmena izan zen Lance Amstrong-en aitorpenarekin. Twitter sarean oso aipatua izan zen kontua, baina benetako eztabaida Xabier Usabiagak bere blogean idatzitako artikuluaren inguruan eraiki zen. Xabier Usabiagak gaztelaniaz idatzi zuen, eta euskarazko eztabaida Sustatu-n eman zen, albistearen erantzunetan.

Halaber, gurebook.com atariaren ixteari buruzko eztabaida eta gogoeta Mikel Iturberen Hamairu blogean abiatzen da, “DRMari buruz eztabaidatzeko aukera bikaina” izenburuko artikuluarekin. Gaiaren inguruko beste gogoeta interesgarri bat Berriaren papereko edizioan jarri zuen Alberto Barandiaranek asteroko zutabean: “Epubak eta aulubiak”. Eztabaidak jarraipena izan du. Batetik, Argia-n, Gorka Bereziartuaren Boligrafo Gorria blogean, “Gauzak argitzen ari dira liburu digitalaren merkatuan” izenburuko artikuluarekin. Bestetik, Hitzen uberan webgunean, Alexis Mindegiari eginiko elkarrizketa baten bidez, “Merkatuak ez du onartu” izenburukoa. Baita Markos Zapiainen eskutik ere, Zuzeu atarian: “Bake ederra”.

Azken asteotan izan dira beste eztabaida interesgarri batzuk blog batean postean oinarrituta. Esate baterako, Eneko Bidegainek Blogberri-n idatzitako “Estatistikak eta lurraldetasuna”.

Ez da harritzekoa, beraz, Goio Aranak idatzi berri izana: “blogak bigarren loraldia bizitzen ari dira interneten”.  Loraldia izan edo ez, kontua da gogoeta eta eztabaidarako tresna baliotsuak direla. Berriaren eskutik sortutako Ereiaro euskara kanala ere gogoetarako tresna emankor bihurtu da denbora gutxian, kolaboratzaileen parte-hartze handiak erakusten duenez. Baina badago zer hobetu. Eztabaidak aberasteko modua aurkitu behar da, bakarrizketen batuteka baino askoz gehiago izan daitezen.