Archives For abendua 2012

Joan den asteartean, abenduak 18, Leizaola Elkargoak antolatuta, “Gutxitutako hizkuntzak natibo digitalen garaian” izenburuko mintegia izan da Bilbon. Bertan azaldutako gogoeta eta datu batzuk ekarri nahi ditut blog honetara.

Lehenik gogoeta orokorra: Euskararen erabilera sustatu eta bermatze aldera hedabideok berebiziko ardura dugu, eta gure eginkizunak garrantzi estrategikoa du. Hedabideok erabileraren akuilu eta berme gara aldi berean. Eginkizun horren balioa biderkatu egin da kultura digitalaren esparruan. Berria egunkariari dagokionez, esango nuke eginkizun hori eta ardura hori bere gain hartzeko prest dagoela eta datorren urtean jauzi bat egingo duela norabide horretan.

Paradoxikoa izan badaiteke ere, prentsa tradizionalak, egunkariok, oso toki garrantzitsua daukagu interneten. Besteak beste, albisteen erakargitasunaren eraginez, egunkarion webguneak oso bisitatuak dira, erreferentzialak dira, bakoitza bere lurralde edo eremuan.

Euskararen ikuspuntutik egoera ez da baikorra.

Gaztelaniazko hedabideekiko euskarazko hedabideen pisuak txiki izaten jarraitzen du. 2012ko udaberriko CIESen datuen arabera, Hego Euskal Herrian, gaztelaniazko hedabideen audientzia 11 aldiz handiagoa da telebistaren eremuan, 5 aldiz handiagoa irratiaren eremuan, ia 20 aldiz handiagoa egunkarien eremuan eta 40 aldiz handiagoa interneten munduan. Izan ere, azken datu hori (interneten ahulezia) da kezkagarriena.

bilakaera-2010

bilakaera-2012

CIES etxeak 2010 eta 2012an egindako azterketak alderatuz gero, gaztelaniazko hedabideen nagusitasuna nabarmena da. Bi urteotan proportzioa kasik ez da aldatu. Aldaketa esaguratsu bakarra gaztelaniazko hedabideek interneten eman duten gorakada da: %42,35ean hazi dira.

Aldea

Dena den, komeni da euskarazko hedabideei buruzko datu hauek erlatibizatzea, CIESen moduko inkestek ez baitute ongi jasotzen euskarazko komunikabide txiki eta atomizatutakoen zabalkundea.

Trakzio lana interneten

Etorkizunari begira jarrita, futsezkoa da euskarazko hedabideok trakzio lana ongi betetzea, batez ere, interneten eremuan. Gaur egun komunikazioa, funtsean, digitala da. Hedabideon eginkizuna trafikoa (erabilpena) aregotzea, zabaltzea, erabiltzaileak elkar lotzea eta elkarrizketak biderkatzea da.

Erronka horri erantzun ahal izateko inbertsio berezia behar da, iraultza digitala egin beharrekoa da, eta gaur egun euskarazko hedabideok baliabide ekonomiko instituzional gutxiagorekin erantzun behar diogu tamainako erronkari. Iraultza digitalak administrazioen sostengu gehiago behar du, asko baitago jokoan. Datu solte bat: informazioaren eta komunikazioaren teknologietan euskara sustatu, garatu edota normalizatzeko diru-laguntzetan 1.462.789 euro esleitu dira 2012ko abuztuan. Horietatik 372.818 bakarrik izan dira hedabideekin lotutako proiektuak garatzeko.

Kataluniarekin alderatuta

Erabilpenaren ikuspuntutik, Berriak nolabaiteko lidergoa du euskarazko internet espazioan. Berria.info euskarazko webgune bisitatuena dela esan daiteke. Baina posizio hori hobeto ulertzeko, Kataluniako eta Euskal Herriko egoerak alderatzea komeni da.

Koadro honetan, katalanezko hedabideek interneten duten bisita kopuruaren araberako mapa ikusten da. Datuak joan den urrikoak dira, OJD Interkatibak egindako neurketaren emaitzak. Neurketan ez dira ageri El Periodicoren katalanezko webgunea (elperiodico.cat) eta La Vanguardiaren katalanezko edizioa.

Tokia-CAT

Ondoko koadroa, datu ezberdinetan –zuzen eta zeharkakoak– oinarritutako estimazio bat da. Webgune bakoitzak urrian izandako bisita kopuruak islatu nahi lukeena.

Tokia-HEH

Bi kasuetan, Katalunian eta Euskal Herrian, lidergo konpartitu bat antzematen da. Bi polo nagusi daude: batetik, egunkari baten webgunea (Ara.cat eta Berria.info) eta, bestetik, telebista eta irrati publikoetako webguneak (batetik, tv3.cat, 324.cat eta catradio.cat, eta, bestetik, eitb.com). Katalunian, bistan da, egitura komunikatiboa orekatuagoa da.

Hedabideotako Twitter jarraitzaile kopuruak neurtuta honako “mapak” osatzen dira Katalunian eta Euskal Herrian.

Twitter-CAT

Twitter-EH

Ara eta Berria

Ara eta Berria egunkariak alderaztuz gero, datu interesgarriak eta bitxiak aurkituko ditugu. Ara.cat-ek 5.553.926 bisita izan zituen joan den urrian, OJD Interactiva-k egindako neurketaren arabera. Berria.info-k, berriz, 534.616 bisita izan zituen urrian, Google Analyticsen neurketaren arabera. Datu hauek katalan (Kataluniako eremua erreferentzia hartuta) eta euskaldun alfabetatuen kopuruekin alderatuz gero, antzeko ratio-a dute bi hedabideok: 1,11 Araren kasuan, eta 1,18 Berriaren kasuan.

Dena den, Araren kasua berezia da. Hedabide gaztea da, 2010ko azaroan sortu zen. Agian, horregatik, bere zabalkundea askoz handiagoa da interneten paperean baino. OJDren datuen arabera, 2012ko urtarriletik irailera, bataz beste, egunero 16.143 ale saldu zituen (horietatik 3.128 harpidetzaren bidez). EGMren azken azterketaren arabera (2012ko otsailetik azarora), eguneko 97.000 irakurle izango lituzte Arak. El Punt-Avui egunkariaren paperezko edizioak emaitza hobeak ditu, EGMren neurketa beraren arabera: 146.000 irakurle eguneko. Baina interneten alde nabarmena ateratzen dio Arak El Punt-Avuiri. Joan den urri osoan Ara.cat-ek 5.553.926 bisita izan zituen, eta, ElPunt-Avui.cat-ek, ordea, 1.635.377.

Berriak 10 urte

Berriak datorren urtean, ekainaren 21ean, 10 urte beteko ditu, eta urteurrena baliatuz jauzi bat egin nahi du euskara interneten hobeto kokatzeko ahaleginean. Honako osagaiak izango ditu:

  1. Erredakzioaren eginkizuna birmoldatzea, berehalakotasunari hobeto erantzuteko eta eduki interesgarri eta landuak eskaintzen jarraitzeko.
  2. Eduki guztiak guztientzat. Eduki guztiek guztien eskura izaten jarraituko dute, eta euskuragarriago egongo dira (diseinua eta antolaketa berrituz eta bilatze sistema hobetuz).
  3. Multiplaforma gisa garatuta (euskarri eta formato guztietara egokituta).
  4. Multimedia izaera zainduta (testua, irudia, audioa eta bideoa baliatuz eta uztartuz).
  5. Parte-hartzailegoa (aukera gehiagorekin parte hartzeko eta proiektuaren parte izateko).
Advertisements

Twitter eta gu

2012/12/04 — Utzi iruzkina

Berrian aspaldian ikusi genion erabilgarritasuna Twitter sareari. Izan ere, berria.info-ko albisteak 2007ko irailean lotu genituen Twitterren jarioarekin. Baina garai haietan nahiko ezezaguna zen gure artean. Gaur egun, ordea, Twitterren mundu osoan dituen 200 milioitik gorako erabiltzaileen artean badaude milaka euskaldun ere. Neurri mugatuan. Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak 2012ko otsailean kaleratu zuen ikerketaren arabera, interneta erabiltzen dutenen artean soilik %33k erabili ditu azken hilabetean sare sozialak. Eta sare sozialak erabili dituztenen artean soilik %13k erabili du Twitter (%83k Facebook, eta %43k Tuenti). Dena den, azken urte honetan jauzi bat nabaritu da Twitterren erabileran, baita euskal hiztunen artean ere (euskaraz tuiteatzen dutenen jarraitzaile kopurua etengabe hazten ari dela ikusita).

140 karakterek askotarako ematen dute. Berehala komunikatzeko, konpartitzeko, ‘solasaldiak’ osatzeko… Albisteak, ideiak, sentimenduak, kritikak, elkartasun keinuak, argazkiak, bideoak, soinuak… Mundu aberatsa da, dosi laburretan elikatzen bada ere.

Berrian azkar erreparatu genion berehalakotasunerako gaitasunari. Gertaerak aldi berean kontatzeko ahalmenari. Telebista eta irratiko kazetarien antzera, paperekoak ere zuzenean kontatzeari ekin genion Twitterren bidez. Era horretan Berriak kubritu zuen lehen ekitaldia 2009ko maiatzaren 5eko inbestidura saioa izan zen, Patxi Lopez lehendakari izendatu zuena. Aldi bereko kontakizuna Twitterren bidez eta berria.info-ko azalean zabaldu zen lehioaren bidez jarraitu ahal izan zen. Eta handik egun gutxitara, 2009ko maiatzaren 13an, gauza bera egin genuen Athleticek eta Bartzelonak jokatu zuten Espainiako Koparen finalarekin.

Pixkanaka aldi bereko kontakizuna beste eremu eta gertaera mota batzuetara eraman zuen Berriak, hala nola, manifestazioetara, agerraldi berezietara, hauteskunde gauetara eta abar luze batera. Erabilpen horietako bat aipamen berezia merezi du, aintzindari izan zelako. Lehen aldiz kontatu genuen zuzenean Twitterren bidez epaiketa bat, Egunkaria auziko epaiketa, hain zuzen ere. 2009ko abenduaren 15ean izan lehen saioa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Saio guztiak aldi berean kontatu genituen. Epaigelan egon gabe, bide hoberena izan zen epaiketan zer gertatzen ari zen jarraitzeko. Ondoren beste hainbat epaiketa kontatu ditugu era horretara. Eta beste hainbat hedabidek ere jorratu dute Berriak irekitako bidea.

Sare sozialen ahalemenean sinisten duelako berriketan.info euskarazko sare soziala sortu zuen Berriak, 2010eko azaroaren 4an. Euskaldunon komunitatea indartzeko asmoz sortua, baina Twitter eta Facebookekin lotuta ere. Dagoeneko 1.112 erabiltzaile ditu. Leiho partekatu bat da.

Twitterrera itzuliz, Berriak sare horretan duen presentzia gero eta handiagoa da. @berria kontuaren bidez, eta berria-ko kazetarien kontuen bidez. Izan ere, @berria kontuak 13.365 jarraitzaile ditu, euskaraz ari den hedabide batek duen jarraitzaile kopururik handiena. Albiste jarioaren balioa handia eta estimatua da, eta, aldi berean, jarraitzaile kopuru horrek dakarren erantzukizuna handia da ere.

Berriaren kontuaz gain, Berriako kazetari gehienek –berriketan.info-ko kontuaz gain– Twitter sare sozialean ere kontua dute, eta pixkanaka, bakoitza bere eremuan, erreferentzialtasuna bereganatzen ari dira. Merezi du haien arrastoa jarraitzea Twitterren ere.

Amaitzeko, hona hemen euskarazko hedabideek Twitterren duten jarraitzaile kopuruaren araberako sailkapena (2012ko abenduaren 2an zenbatuta):

Klik egin loturan infograma ikusteko.

1. BERRIA 13321
2. Euskadi Gaztea 12734
3. Argia 6129
4. Sustatu.com 4243
5. Hamaika Telebista 3738
6. Euskadi Irratia 3621
7. Zuzeu.com 3593
8. Eitb-albisteak 3207
9. Hala Bedi 2557
10. Topatu.info 2057
11. Kazeta.info 1915
12. Gaztezulo 1832
13. Euskalerria Irratia 1593
14. Topagunea 1515
15. Goiena 1451
16. Ukberri.net 1265
17. Euskal Irratiak 1095
18. Irria 1160
19. Bilbo Hiria Irratia 841
20. Aiaraldea.com 810
21. Irutxuloko Hitza 697
22. Gazteberri 577
23. Elhuyar 479
24. Mezularia 507
25. Goierriko Hitza 465
26. Tolosaldeko Hitza 461
27. Hirinet.net 424
28. Aiurri 407
29. Hernaniko Kronika 406
30. Guaixe 383
31. Larrun 356
32. Tokikom 335
33. Anboto 328
34. Urola Kostako Hitza 312
35. Uztarria 277
36. Noaua! 275
37. Baleike 248
38. abildua 214
39. Ttipi-Ttapa 206
40. Txintxarri 199